Bertsotan alaitu dute arratsaldea gabiriarrek
Endika Igartzabal, Iker Zubeldia, Sebastian Lizaso, Ane Zuazubiskar, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal izan dituzte bertsotan gabiriarrek, arratsaldea alaituz, Aratz Igartzabal gai-jartzaile zutela.
Gabiriako Andra Mari Jaiak badoaz aurrera eta bigarren egun honetan euskal kulturako ekintza edo ekitaldi tradizionaletara jo dute egunean zehar. Goizean herri kirolak izan dituzte eta arratsaldean, berriz, bertso-saioa. Guztira sei bertsolari aritu dira kantuan eta Aratz Igartzabal bertsolari gabiriarra gai-jartzaile lanetan aritu da. Endika Igartzabal, Iker Zubeldia, Sebastian Lizaso, Ane Zuazubiskar, Maialen Lujanbio eta Nerea Ibarzabal izan dira gaurkoan hitz eta errima artean murgildu direnak eta ederki defendatu dute haien burua kantuz Gabiriako oholtzan. Jende andana bildu da bertso-saioan, hitz-joko, doinu eta errimak gozatzeko asmoz. Behin bertsoak amaituta, pintxo potearen txanda da. Herriko elkarteetan, Ostatuan eta Txosnan pintxo desberdinak prestatu dituzte gaurko arratsa jai-giroan pasatzeko.
Gauean
23:00etan hasiko dira kontzertuak Gabiriako oholtzan. Bi talde goierritar izango dituzte gaurkoan bozgorailuak lehertu arte jotzen. Tirokatuak izango da lehen taldea. Ataungo eta Lazkaoko gaztez osatutako taldea da eta egun, punk-oi eszenako bertsioak jotzen dituzte. Bigarren taldea, Kontrol Norte izango da. Beasaingo eta Idiazabalgo gazteek osatzen dute taldea eta antzeko estiloan mugitzen dira. Bertsioren bat edo beste jotzen dute, baina haien abestiak sortu berri dituzte eta hauek oholtza gainean jotzeko prest joango dira gaur ere Gabiriara. Hirugarren kontzertua Maixa ta Malakiasena izango da. Euskal kanta ezagunen bertsioak egiten dituzte tekno eta elektro musikarekin fusionatuz, doinu dantzagarriak eta alaiak osatuz. Musikari bikote hau haien azken kontzertuak ematen ari da proiektua utzi aurretik eta gaurkoa azken aurrena izango da. Azkena Bilbon izango da, abuztuaren 26an.