Haurren neurrira egindako eguna eta jaien hasiera Zerainen
Zeraindar txikienek egun borobila dute gaur, goizeko korrika saioarekin, apar festarekin eta haurren eguneko bazkariarekin. Arratsaldean play back-a ere egingo dute eta zeraindar guztiak elkartuko dira pregoian, jaiei hasiera emateko.
Goizeko 11:00etan hasi da Eliz Bueltako eta San Blas bueltako korrika saioa. Gaurko egunean haurrek protagonismo berezia izango dute, izan ere, haien neurrira egindako jaia izango dute gaur. Goizeko lasterketarekin batera puzgarriak izango dituzte herriko plazan eta arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara ere puzgarriak erabilgarri egongo dira. Eguerdian, berriz, apar-festa izango dute etxeko txikienek eta 14:30etan haurren eguneko bazkaria. Arratsaldean, buruhandiek hartuko dute Zeraingo herria eta jarraian musika sartuko da festan, playback-arekin.
20:00etan elkartuko dira zeraindarrak plazan, festei hasiera ofiziala emateko kanpai bueltakoekin eta pregoiarekin. Ondoren, ohiko sagardo-edana eta txekor-jana egingo dituzte, eta behin sabela ondo beteta dantzarako prest jarriko dira zeraindarrak, Gau Argi taldearekin erromeria baitute, Mojito festarekin batera.