Herri kirolak jaietako bigarren egunean
Bigarren egunari hasiera emateko hainbat gazte herri kiroletan aritu dira Gabiriako plazan.
Gabiriko Andra Mari jaietako lehen eguna igaro ostean, iritsi da herri kirolen unea. Gaur goizean gabiriar gaztez osatutako bi talde lehian aritu dira herri kiroletan, Kepa Ormazabal aurkezle zutelarik. Talde beltza ondorengoek osatzen zuten: Aratz Igartzabal, Xuban Elgarresta, Jokin Izagirre, Eneko Aramendi, Ekaitz Aramendi, Endika Igartzabal, Eraitz Gorrotxategi, Goretti Izagirre, Jokin Urretabizkaia eta Joseba Iztueta. Talde urdinean, berriz, ondorengoak zeuden: Patxi Ormazabal, Ane Etxezarreta, Iker Peñagarikano, Mikel Etxezarreta, Andoni Aztiria, Naiara Peñagarikano, Edorta Atin, Saioa Etxezarreta, Suharri eta Iban Maiz.
Lehenengo, 60 kiloko harria jasotzen hasi dira Aratz Igartzabal eta Patxi Ormazabal, zortzina jasoaldi eginez. Ondoren, oskoletan Xuban Elgarresta eta Jokin Izagirre, talde beltzean, eta Ane Etxezarreta eta Iker Peñagarikano, talde urdinean aritu dira. Jarraian, Mikel Etxezarreta eta Eneko Aramendi buruz buru aritu dira ingudean eta hauek Andoni Aztiria eta Ekaitz Aramendiri eman diete erreleboa txingetan. Eraitz Gorrotxategi eta Endika Igartzabal aritu dira trontzan talde beltzean eta urdinean, berriz, Naiara Peñagarikano eta Edorta Atin. Segidan, erreleboa eman eta korrika bizian abiatu dira Saioa Etxezarreta eta Goretti Izagirre zakua bizkarrean hartuta, itzuli bat emateko plazari. Hauek amaitzean aizkolarien txanda izan da, Suharri Rodriguez eta Jokin Urretabizkaia aritu dira aizkoran eta amaitzeko, Iban Maiz eta Joseba Iztuetak zortzi itzuli eman dizkiete korrikan plazari. Hau bi aldiz errepikatu dute eta azkenean talde beltza gailendu da, Jokinen aizkorarako abileziak azken abantaila eman dielarik.