Mendia Goierriko turismo datu bikainen erdigune
Goierriko txokoak ezagutzera jende ugari gerturatu da aurtengo udan eta iazko turismo datuen errekorrak gaindiezina dirudien arren oso gertu ibiliko dira aurtengo datuak ere. Mendia izan da bisitarien plan gustokoena.
Uda, bidaiak, eguraldi ona… Abentura ugari bizi izaten dira udarako egun luze beroetan eta oporrak direla eta, jendea zenbait abentura edo bidaiatan murgiltzen da, izan familian, lagunartean zein bakarrik. Plan desberdin ugari sortzen dira eta hemendik jendea joaten den bezalaxe, hona ere etortzen da jende andana udako oporrak pasatzera, badago zer ikusia Goierrin eta. Paisaia ikaragarriak, mendiak zein museoak, baita bitxikeria ezkutu ugari ere. Azken bi urteetan oso sektore kolpatua izan da turismoa munduan zehar, mugikortasun mugak direla eta, eta datuak hankaz gora jarri ziren zenbait lekutan. Hala ere, jendeak inoiz baino behar handiagoa sentitu zuen etxeko lau paretetaik irten eta inguruko lekuak ezagutzeko eta honi esker, ohiko datuak izan ez arren, okupazio datuek gora egitea ekarri zuten zenbait tokitan.
Goierriko Tursimo Bulegoak jasotako iazko datuen arabera, hala ere, okupazioari dagokionean errekorra lortu zen iaz, %92ko okupazio tasareik nekazal-turismoetan eta landetxeetan, eta %93koa hotel eta pentsioetan. Datu izugarriak izan ziren eta ezin gaindituzkoak direla diote Tursimo Bulegoan baina ez omen dira urruti ibiliko aurtengo datuak ere, oso datu onak lortu baitira. %90 inguruko okupazioa aurreikusten dute.
Uztailari dagokionean %31,7koa izan da bisitarien datua Turismo Bulegoan jaso ahal izan dutenaren arabera. Igoera izan da hontan, izan ere, pandemiak eragin negatikoa izan du, jendeak ezin baitzuen talde handitan mugitu eta orain, berriro talde handi horiek berreskuratu ditu Goierriko turismoak.
Iaz 6.000 pertsonatik gora ibili ziren Turismo Bulegoetan eta aurten ere datu horietara iristea espero da, izan ere, bisita gidatuetan jende asko dabil aurten. Jatorriari dagokionean Kataluinia, Valentzia eta Madril izaten dira ohikoenak eta aurten hauez gain Kanariastik eta Andaluziatik etorritako jende ugari dabil. Goierriko Turismo bulegoak dioenaren arabera, jatorriaren inguruko datuen tendentzia itzuli da pandemia ondoren. Espainiar Estatutik kanpo, frantsesak, estatubatuarrak eta alemaniarrak izan dira nagusi. Estatubatuar askorik ez da ibili Goierrik beste urteetan, baina aurten, inoiz baino gehiago dabiltza. Datuak datu, ez da aldaketa nabarmenik izan jatorriari dagokionean. Pandemiaren ondorioz %4ra jetsi zen etorkinen kopurua eta aurten %10ekoa izango delakoan daude. Goierrin izandako bisitarien zati handi bat mendira etorritakoa izan da, batez ere atzerritarrak. Hala ere, museoak ikusteko eta bisita gidatuak egiteko tartea ere hartu dute baina eguraldiak pasada txarra jokatu dio aurten turismoari, gehiegizko beroa dela eta arratsaldeetako bisita gidatuetan izen-emate maila eskasa izan baita. Datorren astera begira datuak hobetzeko esperantzan daude Goierriko Turismo Bulegoan, tenperaturak jaitsi eta eguraldia baretuko delako.
Egonaldi aldetik, bataz bestekoa 4-5 gau izan dira, baina aipatzekoa da jende asko etorri dela 7-10 egun bitarteko egonaldia egitera. Donostiara, Bilbora eta abar joateaz gain, Goierrin bertan ere zenbait txoko ezagutu dituzte bisitariek. Orokorrean, balorazio oso ona egin du aurtengo udako turismoaz Goierriko Turismo Bulegoak eta geratzen diren asteetara begira datuen hobetzea aurreikusten dute, batez ere bisita gidatuen datuetan.