Itsason haurrak nagusi San Bartolome eguneko arratsaldean
Itsasoko aurtengo jaiak atzo hasi ziren eta gaur arratsaldean haurrak izan dira nagusi San Bartolome egunean. Haur jolasak, txokolatada eta ipuin kontalaria izan dituzte.
San Bartolome Jaiak iritsi dira bi urteko geldialdiaren ondoren eta herritarrak jai-giroan murgilduta daude atzoko herri afaritik. Gaur arratsaldean haurren txanda izan da. Ume jolasak izan dituzte arratsaldeko 18:00ak aldera. Bertan, goxokiak irinetatik ahoarekin hartzea, aulki jokoa, ura ahoarekin hartu eta botila bat betetzea eta antzerako zenbait joko egin dituzte, herriko gazteak gidari. Ondoren, txokolatada izan dute eta jarraian, ‘Amesgile’ ipuin kontalaria izan dute. Gaurkoan, ipuin kontalariak maitasunaren gaia aukeratu du. Besarkadez eta muxuez aritu da solasean eta pandemiak honetan izan duen eraginaren inguruan. Ipuinen bitartez haurrekin zenbait lanketa egiteko modua izan da gaurko ipuin kontalari legorretarraren emankizuna. San Bartolome egunari amaiera emateko Zahagi-ardoa eta Petti-ren musika emanaldia izango dituzte.














