Zegamar berriak eta dantza nagusi
Zegamar berriak eta dantza izan dira nagusi Zegamako San Bartolome eguneko goizean. Lehenengo zapiak banatu dizkiete zegamar berriei eta ondoren, Tobera Musika Eskolako dantza taldeak emanaldia eskaini du herriko plazan.
San Bartolome eguna, abuztuaren 24a, Zegamako jaietako bigarren eguna… Egun handia da zegamarrentzat, beraz, herritar berriei harrera egiteko aukera aparta da gaurko eguna urtero. Goizeko 13:15 aldera hasi da zapiak banatzeko ekitaldia eta 2019ko San Bartolome egunetik 2022ko abuztuaren 24ra bitartean jaiotakoen txanda izan da aurten, pandemia dela eta ospatu ez diren jaietan zapia hartuko luketenak ere gonbidatu baitituzte aurtengo ekitaldira.
Dantzak presentzia handia izan du goiz osoan zehar. Lehenik eta behin, herriko agintarien sokadantza egin dute, goizeko 12:30etan eta ondoren, txikien txanda izan da. Behin zapiak banatzeko ekitaldia amaituta, zapia jasotzera bertaratu diren familiei ‘Agurra’ eskaini diete Tobera Musika Eskolako dantzariek. Ondoren, haien unea iritsi da, Tobera Musika Eskolako dantza taldeak emanaldia eskaini baitu herriko plazan, Zegamako Txistularien laguntzaz. 13:30etan hasi da emanaldia eta guztira zazpi dantza egin dituzte, adin desberdinetako haurrek. Lehenengoa ‘Agurra’ izan da, emanaldiari hasiera emateko. Ondoren, ‘Txulalai’ eta ‘San Petit’ dantzak egin dituzte txikienek. Jarraian, saskiak hartu eta ‘Kaskarot’ eskaini dute eta adinean aurrera egin ahala, ‘Banangoa’ eta ‘Zinta-dantza’ ikusi ahal izan dituzte bertaratutakoek. Amaieran, guztiek elkarrekin egin dituzte fandangoa eta arin-arina, eta kalejira batekin amaitu dute emanaldia, San Bartolome Festetako jai-giroa mantenduz.
Arratsaldean
- 17:00 Apar-jaia Kultur Etxeko Plazan
- 18:00 Pilotari federatuen pilota partidak Toki Alai pilotalekuan
- 19:30 Erraldoi eta buruhandien kalejira herriko txistulariekin
- 19:30-21:30 Poteoa ‘Zuttik’ elektrotxarangak gidatua
- 21:30 XVI. Gazte Afaria Gazte Herexa elkarteak antolatuta
- 00:00-03:00 DISNOKTIA DJarekin dantzaldia plazan














