Asteburuan egingo dute Arantzazura erromesaldia
Urteroko ohiturari jarraituz, asteburuan segurarrek, mutiloarrek eta zeraindarrek Arantzazura erromesaldia egingo dute. Segurari dagokionez, larunbatean Arantzazura joateko hiru aukera izango dituzte herritarrek. Lehena, 06:00etan plazatik oinez joatea izango da. Bigarren aukera 08:00etan plazatik autobusez Otsaurtera joatea izango da, eta bertan 08:30 aldera oinez joan direnekin elkartuko dira. Azken aukera, 09:00etan plazatik Aldaolara autobusez joatea izango da. 09:45 aldera San Adriango aterpetxean elkartuko dira segurar guztiak.
Arantzazuko Aterpetxean lo egiteko eta gosaltzeko aukera izango dute. Gaua pasata, larunbatean Seguran geratu direnak autobusez joan ahal izango dira igandean Arantzazura. 10:00etan irtengo da plazatik autobusa. 17:00etan Santutegiko agurra izango da, eta ondoren bueltatuko dira.
Mutiloarrak eta zeraindarrak taldetan banatuta autoz joango dira, edo oinez, eta itzulera autobusez egingo dute iluntzean. Parte hartu nahi duten zeraindarrek oraindik ere izena eman dezakete. Gaur izango da azken eguna. 943 58 20 70 telefono zenbakira deitu behar dute. Igandean Arantzazuko elizkizunera joan nahi dutenek Segurako Germanenen hartu behar dute txartela.













