Lierniko jaien itzulera
Lierniko Andra Mari jaiak itzuli dira. Bihar zaindariaren eguna ospatuko dute meza eta erromeriarekin eta iganderako egitarau zabala prestatu dute goizetik iluntzera arte
Bi urteko etenaren ondoren, Lierniko Andra Mari jaiak ospatuko dituzte berriz ere mutiloarrek. Andra Mari eguna bihar izango den arren, igandean ekintza gehiago izango dira. Ohi duten bezala, meza nagusia izango da bihar goizean eliztarrentzat, eta erromeria gero egun osoan zehar. Gogoz helduko diote festari, 2019an ospatu baitzituzten auzoko jaiak azkeneko aldiz.
Iganderako egitarau zabala prestatu dute. Jai giroa izango da nagusi, musika, kirol, jan, edan eta lagun artean. Txirrindulari karrera bukatzean, eguerdi aldera hasiko da festa. Toka lehiaketa jokatuko da, eta Miren, Agur eta Oier trikitilariek alaituko dute giroa bazkaltzeko ordua iritsi arte. Herri bazkarirako etxetik eramango dute jana eta edaria taldeka. Arratsaldean herri kirolak izango dira, eta horiek bukatzean berriro trikitilarien txanda izango da.
Txirrindulari lasterketa urtero antolatu da, baina pandemiagatik ezin izan dute Lierniko jaietaz gozatu mutiloarrek, eta aurten izango dute aukera. Eguraldi iragarpena ona da biharko. Igandean, ordea, euria egin lezake. Eguraldia lagun ala ez, Lierniko Andra Mari jaiak giro ederrean ospatuko dituzte azken bi urteko hutsuneari buelta emateko.













