Igartza Literatura Beka Lizar Begoñak irabazi du, 'Itzalkinak eguzkitan'ekin
Hamaika lan aurkeztu dira eta aho batez hautatu dute idazle bizkaitarraren ideia. 2024ko udaberrian argitaratuko du. Belaunaldien arteko talka izango du ardatz
25. Igartza Literatura Beka Sopelara (Bizkaia) joan da, Benidormetik (Herrialde Katalanak) barrena. Lizar Begoña Madariagak jaso du 6.000 euroko laguntza Itzalkinak eguzkitan ideia gauzatzeko. Urte eta erdiko epea izango du horretarako.
Eleberria Benidormeko prentsa kiosko batean kokatuko da. Estetikoki «interesgarria» den lekua delako, esan du: «Turistifikatutako eremu bat, gainbeheran dagoen negozioa, masarentzako ekoiztu eta masak kontsumitutako kitsch artea, oroigarriak…». Belaunaldi ezberdinetako bi langile izango dira protagonistak. Emakumezkoak, biak: batek 65 urte izango ditu eta bizi osoa darama kioskoan lanean. Are, berak zabaldu zuen establezimendua, turismoaren eztanda bete-betean. «Larrituta» bizi da, «egungo mundua ez duelako ulertzen»; besteak 25 urte ditu eta ikasketak utzita lanean hasi berria da. Natibo digitala da. Bien arteko kontrastea paperaren eta pantailaren arteko talkaren metafora izango da. Eleberriaren mamia hau izango da, beste hainbat gai zeharka ere landuko dituela aurreratu duen arren.
Kapituluek pertsonaia batetik bestera pibotatuko dute, aldeak nabarmenagoak egiteko. Lehen pertsonan idatzita egongo dira. Halaber, Begoñak aipatu du hizkuntzarekin jolas egingo duela eta, horretarako, «errespetu falta kontzienteak» egingo dituela. Arauak apurtuko dituela abisatu du. Ironia eta umorea ere nahastuko ditu. Orainaldian idatzita egongo da, nahiz eta atzera begirako jauziak tartekatuko dituen.
Poesiatik, eleberrira
Begoñaren lehen eleberria izango da. Aro Beilegia (Balea zuria) —2020ko Donostia Kultura saria— eta Gepardo Japoniarrak (Susa) poesia bildumak argitaratuak ditu, baina nobelarik, ez. «Gogoa nuen horrelako diziplina batean sartzeko. Eleberriak beste erritmo eta neurriak ditu, eta aukera ematen dit bestela landu ezin ditudan gai batzuk jorratzeko», arrazoitu du. Arte Ederretan graduatua da eta euskara-eskolak ematen ditu lanbidez.
Begoña Igartza Literaturako 25. bekaduna da. Hamaika lan aurkeztu dira eta Itzalkinak eguzkitan ideiak aho batez irabazi du. Oihane Amantegi, Irati Jimenez eta Garazi Kamio idazleak izan dira aurtengo epaimahaikideek.
Xabier Mendiguren Elkar argitaletxeko arduradunak azpimarratu zuen urte hauetan ondutako bekadunen zerrenda «ikusgarria» dela atzo arratsaldean Igartza Jauregian egindako sari banaketan. Julen Gabiria, Fernando Morillo, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Kattalin Miner, Miren Amuriza, Irati Goikoetxea… Baina nabarmendu zuen idazleak ez direla handi egin lehiaketa irabazteagatik, alderantziz baizik. «Sariketaren meritua izan da hasiberriak ziren idazle onak identifikatzeko gaitasuna izatea», esan zuen. Lehiaketa egonkortuta, urteetan jarraipena izan dezala opa zuen. Beasaingo Udaleko eta CAFeko arduradunek ere konpromisoa berretsi zuten.












