Santikutz festak ospatzeko guztia prest dute Urkia auzoan
Asteazkenean hasiko dira festak, Gurutze deunaren eguna ospatuz. Igandea izango da festen azken eguna.
Urkiko festak, artxiboko irudian. Arg: Jose Luis Aranburu Itsasondoko Urkia auzoan Santikutz festak ospatuko dituzte aste honetan. Asteazkenean ospatuko dute Gurutze deunaren eguna. 11:00etan meza nagusia izango da. Ondoren, mokadutxo bat jateko aukera izango da. Olarte eta Larañaga trikitilariek girotuko dute goiza. 14:30ean herri bazkaria izango da. 19:00etatik aurrera berriz, erromeria trikitilariekin.
Larunbatean, hilak 17, jarraituko dute jaiek. Egun horretarako, lagun arteko afaria antolatu dute. 21:00etan izango da. Ondoren, erromeria izango da Ostolaza eta Narbaiza trikitilariekin.
Igandea, hilak 18, izango da festen azken eguna. 10:30ean meza nagusia izango da. Ondoren, mokadutxo bat jateko aukera izango da eta Laja II eta Lutxurdio trikitilariek girotuko dute goiza. 14:30ean, bazkaria egingo dute, eta 18:30etik aurrera, Iker Vicente eta Mikel Larrañaga aizkolarien erakustaldia izango da.













