Giro ezin hobea izan da Urretxuko jaietako lehen asteburuan
Larunbatean eta igandean Urretxuko Santa Anastasia jaietako lehen ekitaldiak ospatu dira: larunbatean herri arteko folklore jaialdia eta igandean Adinekoen Eguna. Eguraldi bikaina lagun, ekitaldi guztiak arrakastatsuak izan dira.
Larunbatean herri arteko folklore jaialdiaren 33. edizioa ospatu zen, Lurra dantza taldearen eskutik. Lurra dantza taldeko Juanlu Elgarresta pozik ageri da. «Oso gustura gaude. Dena primeran joan da: eguraldia, taldeen maila… Arratsaldeko jaialdian jende asko elkartu zen plazan eta gehienek jaialdi osoa ikusi zuten. Izan ere, kontinente ezberdinetako taldeak etorri ziren eta, beraz, dantzak eta jantziak elkarren oso ezberdinak ziren. Oñatikoek ere sekulako ikuskizuna egin zuten».
Adinekoen eguna
Adineko Pertsonen Eguna ere ospatu zuten Urretxun igandean. Goizean udal korporazioak eguneko zentroa bisitatu zuen, meza egin zuten, Lurra dantza taldeak dantza saioa egin zuen eta taldeko argazkia atera zuten. Ondoren, bazkaria egin zuten. Bazkalostean, dantza lehiaketa egon zen.
Beti bezala, bazkarian parte hartu zuten zaharrenak omendu zituzten. Aurtengo omenduak Cecilia Alvarez Saez (95 urte), Moises Mazmela Iriarte (90 urte) eta Felix Toral Matesanz (85 urte) eta Esperanza de la Torre Medina (91 urte) senar-emazteak dira. Bazkarian 145 lagunek parte hartu zuten.
Maialen Fidalgo zinegotzia gustura ageri da. «Asteburua oso ondo joan da. Jende askok parte hartu du antolatutako ekitaldietan. Beste urte batzuetan folklore jaialdia kiroldegian egin da. Aurten aire librean egin dugu eta jende asko elkartu da».
Ostiraletik aurrera jaietako ekitaldi nagusiak ospatuko dira. Pregoia eta txupinazoa 20:30ean izango dira. Aspace elkartekoek irakurriko dute pregoia.













