Goierriko Hamabostaldi Ekologikoko altxorra: Zeraingo Azoka Ekologikoa
Zeraingo Azoka Ekologikoa egin dute gaurkoan herriko frontoian zeraindarrek. Bertan denetariko produktuak eskaini dituzte ekoizleek, batez ere, barazkiak, gazta eta bitxiak. Goierriko Hamabostaldi Ekologikoaren baitan egindako azoka izan da eta dinamika hontako ekintzarik jendetsuena izan da, ohi bezala.
Zeraingo Azoka Ekologikoa egun berezia da Goierriko Hamabostaldi Ekologikorako, jende gehien gerturatzen den eguna izaten baita. Horrez gain, azoka honek 30 edizio baino gehiago izan ditu eta antolakuntzaren arabera, iada ohitura bilakatu da zenbaitentzat urtero bertara gerturatzea. Aurtengoan 23 ekoizlek hartu dute parte azokan eta eskaintza zabala izan da. Hainbat postutan ikusi ahal izan dira barazkiak gaztak, zein bitxiak ohi bezala. Horrez gain, arropa, zeramika eta ardoa ere izan dira, beste zenbait produkturen artean.
Haurrek ere ez dute aspertzeko unerik izan azokan, izan ere, gailetak egiteko tailerrean haur ugari elkartu dira ondo pasatzeko eta ikasteko asmoz. Jolasean aritu dira haurrak, “Zure platerean hasten da mundua” jokoan, EHKOlektiboaren eskutik. Bertan, kontsumo ohituren eta elikaduraren inguruko zenbait gako landu dituzte jokoa aitzakia hartuta.
Azokako arduradunek balorazio ona egin dute. “jendetsua izan dela aurtengo edizioa eta ekoizleak ere gutura ibili direlakoan” daudela adierazi dute. Horrez gain, Zeraingo Azoka Ekologikoak Goierriko Hamabostaldi Ekologikoaren baitan eta azoka ekologikoen munduan daukan erreferentzialtasuna aitortu dute, 30 ediziotik gora egin baitira eta lehenengotakoa izan baitzen. Hala ere, urteek aurrera egin ahala “oso ondo funtzionatzen jarraitzen du”.