Irene del Amo eta Laureano Garridori omenaldia Legorretako Jubilatuen Egunean
Legorretako Jubilatuen eguna ospatu dute eta bertan, 2020ko eta 2022ko sariak emateaz gain omenaldia egin diete Irene del Amo eta Laureano Garridori.
Legorretako jubilatuek elkartzeko eguna izan dute gaurkoa. Goizean frontoia prestatu dute bazkarirako eta mahaian eseri baino lehen sari banaketa eta omenaldia egin dituzte. 2020.urteko sari-banaketa egiteke gelditu zenez, gaurkoan aprobetxatu dute eguna sari horiei jabea ezartzeko. Karta-jokoko zenbait joko desberdinetan izan dira sarituak Legorretako zenbait jubilatu, hala nola, “escoba”,”txintxon” edota “mus” jokoetan beste hainbaten artean.
Ondoren, omenaldiaren txanda iritsi da. Jubilatu adinekoenak omentzen dituzte urtero eta aurtengoan, Irene del Amo eta Laureano Garridoren unea izan da. Lore-sorta bana eman diete eta txalo hartean hartu dituzte. Omenduek pozik hartu dute saria eta irribarrea ahoan zutela jaso dute biek ala biek. Ekitaldiari amaiera emateko saritu guztiek eta sariak banatu dituztenek familia-argazkia atera dute. Behin ekitaldia amaituta bazkaldu egin dute frontoian bertan.