Industria ondarea ezagutzeko jardunaldiak antolatu dituzte
Legazpin, Zumarragan, Urretxun eta Ezkio-Itsason adin guztietako pertsonentzako bisita gidatuak, tailerrak eta bestelako ekintzak izango dira
Industria Turismoari buruzko jardunaldia antolatu du Urola Garaia Turismoak, Basque Tour-ekin eta Gipuzkoa Turismorekin lankidetzan. Asteburuan ospatuko da, Ezagutu Industria Turismoa barrutik. Ate irekiak lelopean. Larunbatean eta igandean beraz, Goierri goiko baliabide ezberdinetarako doako bisitaldiak antolatu dituzte eta interesa duen herritar orok industria ondarea ezagutzeko aukera izango du. Bisitak, bakarka, taldean nahiz familian egiteko planak izango dira. Aurrez, etzi, ostirala, Industria Turismoari buruzko solasaldia burutuko dute profesionalentzat.
Jardunaldiaren helburua da tokiko lantegien edo tresnen aberastasun industrial, teknologiko, sozial, historiko edo zientifikoa ezagutaraztea, aberastasun horiek iragana ezagutzeko tresnak baitira. Urola Garaia, Industria Turismoaren zirkuituan dago kokatuta izan ere, burdinoletatik eta baserrietako lehen industrietatik hasi eta gaur egungo industriara, eskualdeak industrializazio-prozesu luzea egin du, batez ere, bere izaeraren elementu bereizgarria den burdinean oinarrituta.
Legazpiko, Urretxuko, Zumarragako eta Ezkio-Itsasoko ondare industriala bertatik bertara ezagutzeko parada izango da, adituen eskutik, xehetasun guztiekin. Goierri goian horren garrantzitsuak izan diren Orbegozo eta Sarralde lantegiak ezagutzeko aukera izango da, bertara antolatu dituzten bisita gidatuei esker. Bi lantegi horiek, Urola Garaia industrializatu zuten funtsezko piezak dira, Irimo, Patrizio Etxeberia edo Madayarekin batera.
Adin guztietako pertsonentzat zuzenduta dago, eta etxeko txikienekin egiteko jarduera politak daude tartean. Esate baterako, Mirandaolan, Legazpin, egingo duten ihes gela, edo Igartubeitin egingo duten sagar zukua egiteko tailerra.
Legazpi erdigune
Legazpi industria turismoaren erdigune bihurtuko da irailaren 23an, gai hori hizpide hartuta Txillida Lantokian egingo duten egun osoko jardunaldi teknikoaren ondorioz. Turismoaren alor hori jorratzen duten adituak elkartuko dira bertan, dituen erronkei buruz eztabaidatzeko. Industria turismoa zer den azalduko dute jardunaldia irekitzeko, eta ondoren gaia Europa mailan nola ari diren lantzen azaldu eta EAEn duen egoeraz hitz egingo dute. Legazpiko Bellota Herramientas lantegiak fabrika erakusteko lantzen ari den proiektuaren berri ere emango dute, eta amaitzeko, partaideek lantegia bera bisitatuko dute, eta Langileen Ibilbidea ezagutzeko aukera ere izango dute.
Partaideen artean Lenbur Fundazioko Olatz Conde eta Goitur erakundeko Niko Osinalde izango dira, beste hainbat turismo teknikari, historialari eta enpresarirekin batera.
Izen ematea
Antolatu dituzten ekintzetan parte hartzeko edo informazio gehiagorako, 943 72 2042 edo 688 640 534 telefonoetara deitu daiteke, edo turismobulegoa@ urolagaraia.com epostara idatzi.













