Aratz mendiko Aitor Zabaletaren irudia erasotu dutela salatu du Sare Antifaxistak
1998ko abenduaren 8an Atletico Madrileko zale faxista batek hil zuen Zabaleta labankadaz.
Aratz menditik Aizkorrira bidean dagoen Aitor Zabaletaren irudia erasotu dutela salatu du Sare Antifaxistak. Gotzon Aranburu @GotzonAr Twitter-eko erabiltzaileak zabaldutako argazkietan ikus daiteke irudia, egoera txarrean.
Aitor Zabaleta gogoan, Aizkorrirako bidean: pic.twitter.com/rcIZvXyRxa
— Gotzon (@GotzonAr) September 26, 2022
Sare Antifaxistak bere blogean gehitu du 2019an ere Donostiako Aitor Zabaleta plazako plakari eraso egin ziotela eta udalak oraindik ez duela konpondu.
1998ko abenduaren 8an Atletico Madrilen eta Realaren arteko UEFAko kanporaketa partidu bat ikustera joan zen Aitor Zabaleta donostiarra (haren familia zegamarra da) Madrilera, eta Atletico Madrileko zale faxista batek, Ricardo Guerrak, labankadaz hil zuen. Faxista 17 urteko espetxealdira kondenatu zuten eta 2006an hirugarren gradua aplikatu zioten. 2018an berriz atxilotu zuten, Belgikan, Atletico Madrileko beste hainbat zalerekin batera agur faxista egiteagatik.













