Legazpiko Berdeak taldeak gizarteratze proiektuak gauzatzeko eskatu dio udalari
Zumarragan egin behar diren igeltserotza eta iturgintza ikastaroak aipatu ditu adibide gisa. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten 10 pertsonen laneratzera ahalbidetuko dute.
Legazpiko Berdeak taldeak gizarteratze proiektuak garatzeko eskatu dio udal gobernu taldeari, horretarako Europako Next Generation funts publikoak baliatuta. Zumarragan egingo den “gizarteratze proiektua bezalakoa” Legazpin abian jartzeko “behar diren udal edo eskualde baliabideak mobilizatzeko” eskatu dio zehazki.
Zumarragako proiektu horren muina prestakuntza-ikastaro batzuk direla azaldu dute Berdeek. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jaso eta udalerrian bizi diren pertsonei zuzendutako ikastaroak dira, urte beteko iraupena dute eta eduki teorikoa eta praktikoa dute. Urrian hasiko den igeltserotza eta iturgintza ikastaroa aipatu dute adibide gisa, bertan Legazpiko profesionalak izango dira irakasle. Ikastaro horri esker, “10 pertsona gizarteratzea eta laneratzea” ahal izango da. Ikastaroak irauten duen bitartean, ikasleek ordainsari bat jasoko dute, DBE ordeztuko duena, eta ondoren, lan merkatuan sartzeko aukerak izango dituzte, “lanbide horietan diharduten profesionalen egungo eskasia dela eta”. Gainera, Berdeen arabera, ikastaro horren aplikazio praktikoak “mesede egingo dio udalari”, saio praktikoetan udal lokal bat berrituko delako.
Legazpin, Lanbideren estatistiken arabera DBE 100-110 pertsonek kobratzen dutela ere azaldu dute, eta horietako batzuk lanbide heziketa lortu nahi dutela erantsi dute, baita atzerritarren erregularizazioa eskuratu ere hainbat kasutan. Horregatik, gobernu-taldeari eskatu diote bere proposamena aztertzeko eta behar diren prozedurak hasteko, “datorren urtean Legazpin hain interesgarria eta beharrezkoa den prestakuntza-aukera hau izan dezagun”.












