Aratzko Aitor Zabaletaren irudia erasotu dutela salatu du Sare Antifaxistak
Aratz menditik Aizkorrira bidean dagoen Aitor Zabaletaren irudia erasotu dutela salatu du Sare Antifaxistak.
1998ko abenduaren 8an Atletico Madrilen eta Realaren arteko UEFAko kanporaketa partidu bat ikustera joan zen Aitor Zabaleta donostiarra (haren familia zegamarra da) Madrilera, eta Atletico Madrileko zale faxista batek, Ricardo Guerrak, labankadaz hil zuen. Faxista 17 urteko espetxealdira kondenatu zuten eta 2006an hirugarren gradua aplikatu zioten. 2018an berriz atxilotu zuten, Belgikan, Atletico Madrileko beste hainbat zalerekin batera agur faxista egiteagatik.
Sare Antifaxistak bere blogean gehitu du 2019an ere Donostiako Aitor Zabaleta plazako plakari eraso egin ziotela eta udalak oraindik ez duela konpondu.












