50. urteurrena dantzan ospatzen dabil Goruntz taldea
Mosaiko erraldoia eta dantza saioa egin dute goizean. 350 bat lagunek eman dute izena bazkarirako.
Gabiriako Goruntz dantza taldearentzat ospakizun eguna da gaur. Taldea sortu zela 50. urteurrena ospatzen dabiltza. Iaz bete zuen mende erdia, baina pandemiagatik urtebete atzeratu eta aurten antolatu dute. Dantza eta musika izan dira ardatza goizetik. Goruntzen bost hamarkada hauetan ibilitako 150 bat lagun animatu dira berriro ere dantza egitera ospakizunerako.
10:00etan dantzari guztiak elkartu eta mosaiko erraldoia egin dute Goruntz hitza eta 50 zenbakia osatzeko. Ondoren, 11:00etan, adin eta belaunaldi ezberdinetako dantzarien saioa izan da. Maria Jesus Garcia omendu dute saioan, Goruntzeko nesken jantziak josten egin zuen lanarengatik. Faltan diren dantzariak ere izan dituzte gogoan.
Herri bazkaria egiten dabiltza orain, Alkainburu frontoian. 350 bat lagunek eman dute izena bazkarirako. Jai giroa iluntzera arte luzatuko da. Arratsaldean puzgarriak jarriko dituzte, eta gauean, 20:00etatik aurrera, Fan&Go erromeria taldeak kontzertua egingo du eliza ondoko parkean.













