Aralarko Arritzagara irteera gidatua antolatu du Lizarrustiko Parketxeak
Aralarko parke naturalean dagoen kultur paisaia bat ezagutu ahalko da, igandean. Geologia, meatzaritza eta abeltzaintza dira Arritzagako eremua sortu duten jarduerak.
Aralarko Arritzaga eremua ezagutzeko bisita gidatua antolatu du Lizarrustiko Parketxeak, urriaren 16rako, igandea. Luis Mari Zaldua izango da gidaria, Gipuzkoako Parketxe Sarearen zuzendaria. Amezketatik gora joanda, Beratzeagako aparkalekutik igoko dira Arritzagara, igandean 09:00etan. Toki berera 13:30ean itzulita amaituko da txangoa.
Hamalau urtetik gorakoentzat da aproposa, zailtasun ertaina daukalako ibilaldiak. Oinetako egokiak, ura eta hamaiketakoa norberak eraman behar ditu. Izena aurrez ematea ezinbestekoa da (943 18 03 35, 688 895 069, barandiaran@gipuzkoanatura.eus). Bakoitzak 6 euro ordaindu behar du.
Meategietako bidetik gora igoko dira, Basaizko harratera. Irteeraren helburua “gozatzea” da, eta kultur paisaia bat ikustea. Geologiak, meatzaritzak eta abeltzaintzak ingurua nola zizelkatu eta eraldatu duten erakutsiko du gidariak.