Guraso Eskolan izena emateko epea urriaren 14an bukatuko da
Haurren garapen ebolutiboa, sozializazioa, limiteak eta arauak, gurasoen rola eta komunikazioa landuko dituzte, besteak beste.
Legorretako Udaleko Gizarte Zerbitzuek martxan jarri dute 2022-2023 ikasturteko Guraso Eskola. Miren Aiertza Harremanak elkarteko kideak bideratuko du. Saioak hilean astelehen batean izango dira, udaletxean, 17:00-18:30 edo 18.30-20:00 ordutegian (izen-emateen arabera, talde bakarrean edo bitan banatuta).
Eduki hauek landuko dira saioetan:
- Haurren garapen ebolutiboa.
- Sozializazioa: haurren arteko harremanak, gatazken kudeaketa, frustrazioa.
- Sexualitatea, gorputz irudia, norbere buruarekin eta besteekin harremana.
- Limiteak eta arauak, gurasoen rola.
- Kirola, denbora librea, jolasaren garrantzia.
- Famili estruktura eta familia oreka.
- Komunikazioa, asertibitatea.
Interesa duenak izena eman beharko du Legorretako Gizarte Zerbitzuetan. Horretarako azken eguna urriaren 14a, ostirala izango da. Izen ematea aurrez aurre, telefonoz (943 08 52 90 / 688 829 013) edo epostaz idatzita (gizarte@legorreta.eus) egin daiteke; bertan izen abizenak, haurren adina, telefono eta eposta kontaktua jarri behar dira, eta, nahi izanez gero, interes bereziko gairen bat ere aipatu daiteke.
Gutxienez zortzi pertsona behar dira zerbitzua martxan jartzeko, eta izen-ematea handiagoa bada, bi talde egitea baloratuko da. Izen-emate dataren arabera gordeko dira plazak. Zalantzaren bat izanez gero, deitu edo idatzi lasai.