Josu Urrestarazuk irabazi du Euskal Herriko mendi duatloi txapelketa
Adunako 4. mendi duatloian jokatu da Euskal Herriko txapelketa. Zirkuituko sailkapen orokorrean bigarren postuan dago Urrestarazu, eta lehenengo postuan Elite mailan. Lidergoa defendatzeko "aukera polita" izan daitekeela dio.
Josu Urrestarazu idiazabaldarrak irabazi du beste behin mendi duatloiko Euskal Herriko Txapelketa, larunbatean Adunako 4. mendi duatloian jokatu dena. Hirugarren urtez jarraian jantzi du Euskal herriko txapela, iaz eta 2020an ere txapeldun izan baitzen. 1:06:10 denboran helmugaratu zen larunbateko proban, bigarren izan zen Eneko Gurrutxaga amasarra, 38 segundora, eta hirugarren Paul Bereziartua durangarra, 2 minutu eta 56 segundora.
“Azkeneko 3 karrerak segidan irabazita, espero nuen borrokan egotea, bai txapela lortzeko eta baita lasterketa irabazteko ere”, adierazi du Urrestarazuk. Zirkuituko proben artean, motzena izan da Adunakoa: 3,66 kilometro korrika, 14,5 kilometro mendi bizikletan eta 1,83 kilometro berriro ere korrika. Karrera azkarra izan zen: “Intentsitate handikoa zenez, hasieratik indartsu abiatu nintzen. Lehenengo segmentuan lehenengoa izan nintzen, bigarrengoan ere bai, eta hirugarrenean Eneko Gurrutxaga atzetik neukan estutzen, baina lortu nuen lehenengo iristea helmugara eta oso pozik”.
Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko bosgarren proba izan da Adunakoa. Parte hartu duen zirkuituko lau probetatik laurak irabazi ditu Urrestarazuk: Igantzikoa, Zegamakoa, Arriarangoa eta Adunakoa. Ibarrakoan, zirkuituko bigarrengoan, ez zuen parte hartu Axari Trail-a egin zuelako.
Garaipen horiekin, Euskal Herriko mendi duatloi zirkuituko sailkapen orokorrean bigarren postuan dago 400 punturekin, Paul Bereziartuaren atzetik. 406 puntu ditu Bereziartuak. Elite mailan, berriz, lehenengo postuan dago idiazabaldarra. “Bolada onean nago eta aprobetxatu egin nahi dut geratzen diren probetan. Aukera polita izan daiteke lidergoa defendatzeko”. Lidergotik gertu badago ere, beste lasterketa bat dauka buruan: “Behobiara begira nabil, helburua Behobia ahalik eta egokien prestatzea da, eta atera dadila atera beharrekoa”.