Lazkaon udazkeneko agendan ikus-entzunezkoak, abesbatzak eta Jabetze Eskolako ekimenak izango dira nagusi
Kantaka abesbatzak 'The armed man' kontzertua berreskuratuko du, urriaren 21ean. Tolosako Abesbatza Lehiaketako Saint Stanislav Girls' Choir talde esloveniarrak 29an abestuko du, Arerian.
Kantaka abesbatza, gonbidatutako beste koru eta orkestra batzuetako kideekin, Lazkaon./Aimar Maiz Lazkaon atera du udalak udazkenerako kultur agenda. Lehengo astean hasi zen, berez, Urrup antzerki taldearen Tupper sex antzezlanarekin. Jabetze Eskolaren III. kurtsoko egitarauan ere sartuta dago, hein berean, eta gainerako ekitaldiak ere barneratu dituzte udazkeneko agendan.
Horiez gain, abesbatzen emanaldiak izango dira osagai garrantzitsu. Batetik, herriko Kantaka abesbatzak The armed man (bakearen aldeko meza bat)’ kontzertua egingo du, urriaren 21ean, ostirala (Arerian, 20:15ean hasita). Kantakak 2014ko apirilean landu eta interpretatu zuen lehen aldiz Karl Jenkins-en 2000ko obra, Javier Alberdi zuzendariaren eskutik. Aita Donostia koruko eta Ormaiztegiko abesbatzako kideekin batera, 90 ahotseko taldea eta zortzi musikariko ganbera orkestra osatu zuten orduan, ekoizpen handia landuta.
Ahots musikarekin jarraituz, urriaren 29an izango da bigarren hitzordua. Tolosako Abesbatza Lehiaketan parte hartuko duen St. Stanislav Girls’ Choir emakume talde esloveniarrak kantatuko du Lazkaon, urteroko trukea gauzatuta.
Ikus-entzunezkoen atalean, lehengo ostiralean Elkano animaziozko dokumentala eman bazuten Arerian, ostiral honetan (urriak 14) Aita Mari dokumentala jarriko dute. Mediterraneoan migranteak salbatzen diharduen Itsas Salbamentu Maritimoa elkargoaren lanari buruzkoa da.
Azaroan, bi ekimen orokorrekin ere bat egingo dute: Movember Goierri mugimenduaren egitarauko bakarrizketa saio bat egingo dute Lazkaon, azaroaren 4an. Gizonezkoei erasaten dien prostatako minbiziaren arazoa bistaratzeko kanpaina da.

Kantaka abesbatza, gonbidatutako beste koru eta orkestra batzuetako kideekin, Lazkaon./Aimar Maiz













