Oa mendiko txabola eraberritua inauguratu dute
1990. urtean eraiki zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak usoen pasea kontrolatzeko. Aterpe gisa erabiltzeko eraberritu dute.
Oa mendiko txabola eraberritua inauguratu dute igandean. Aterpe gisa erabiltzeko konpondu dute Zeraingo Udalak, Oa Mendi Kirol Klubak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta herritar batzuek elkarlanean. 40 bat lagun elkartu ziren txabolaren inaugurazioan eta hamaiketakoa jan zuten.
1990. urtean eraiki zuen Oa mendiko txabola Aldundiak, hegaztiak kontatzeko leku egokia zela iritzita. Basozainak arduratzen ziren lan horretaz, goizetik arratsaldera arte. Batez ere usoak kontatzen zituzten. Txabolaren kokapenak eragozpenak zituela ondorioztatu zuten urte batzuk geroago, 1995. urte inguruan. Ikuspegi zabalegia zuen eta lanak zailtzen zituen horrek.
Zeraingo Udalak Oa mendiko txabola konpondu ahal izateko eta aterpetxe bezala erabiltzeko eskaera egin zion Aldundiari iaz. Baiezkoa jaso zuten eta aipatutako eragileei esker konponduta dago. Mendi aterpe gisa erabili ahal izango dute herritarrek. Txabola txukun eta garbi mantendu beharko dute, bakoitzak bere zakarrak eraman beharko ditu, atea eta leihoak itxita utzi beharko dira eta ezingo da animaliarik sartu.