Maialen Akizuren pena eta poza Lizarrako saioaren biharamunean
Hurrengo fasera igarotzeko mugan geratu da, eta horrek "pena eta amorrazioa" eragin dio, baina baita poza ere, egindako saioagatik.
Maialen Akizu urretxuarra ama izan berria da, eta egoera pertsonal berezi horrek txapelketa prestatzeko orduan behar beste denbora ez diola utzi nabarmendu du. Hala ere, hirugarren egin du Lizarran, eta egindako saioarekin “nahiko gustura” geratu da, “behetik gora egin nuen sentsazioa nuen, eta horrelakoetan zaila izaten da tenperatura hartzea”.
Hirugarren postuan geratu da, 658.50 punturekin, hurrengo fasera igarotzeko mugan. Baina Ganbarako lanean “horrelako poto edo lapsus bat” egin zuen, eta argi du epaileek hori zigortu zutela eta horren ondorioz ez zituela puntu gehiago lortu. “Pena eta amorrazioa” sentitu zituela aitortu du, bere esku zegoelako guztia eta ezin izan zuelako ekidin egoera hura, eta penak eta amorrazioak jarraitu zuen puntuazioa eman zuten unean bertan jakin zuelako ez zela pasako hurrengo fasera.
Poza gerora etorri da. “Bertsotan disfrutatu egin nuen, ideiaz oso fresko sumatu nintzen, formaz eta errimaz agian traketsago ibili nintzen, prestatzeko denbora faltagatik. Baina gorputza bertan neukan, kontziente samar nengoen, eta horretaz pozik nago”.
Orain atseden hartzeko unea iritsi zaio: “Azken astean potenteak izan dira, ingurukoei ere asko eragin die, denbora lapurtzen ari nintzaiela iruditzen zitzaidan…”. Hala ere, ez du bistaz galduko txapelketa, nahiz eta ez den ausartzen txapela irabazteko izen bat esaten.