Xendapedalak mendi bizikleta martxaren laugarren edizioa izango dela iragarri du antolakuntzak
Larunbatean egin zen Xendapedalak bizikleta martxaren hirugarren edizioak emandakoaren "oso-oso pozik" agertu da antolakuntza taldea. 200dik gora partaide izan ziren eta "normaltasunez" iragan zen goiza.
Datorren urtera begira, Xendapedalak mendi bizikleta martxaren edizio berri bat izango dela iragarri du antolakuntzak. Larunbatean egin zuten hirugarren edizioa izan dena. Bizikleta martxaren antolakuntzan diharduen Pikuk Kirol Klubeko kideak “oso gustura” daude aurtengoak emandakoarekin, eta gehiago itxaron gabe, 2023 urterako laugarren edizioa antolatuko dutela iragarri dute.
Bi ibilbide izan zituzten aukeran: 36 kilometrokoa, luzea, eta 27 kilometrokoa, motza. 224 lagunek jaso zuten martxa egiteko beharrezko dortsala. Legorretako udaletxe paretik atera ziren parte hartzaileak 9:00etan. Lainotuta eta euri pixka bat botata esnatu zen eguna, baina eguraldi kaskarrari aurre egin eta bizikleta gainean jarri ziren ibilbidea osatzeko asmoz. Antolakuntzari geratu zaion pena bakarra da “partaideek ezin izan zutela ibilbidean zehar dauden ikuspegiez gozatu lainoa sartuta zegoelako”. Gainontzean, “normaltasunez” joan zen eguna, “eroriko batzuk, sustoren bat, baina ezer larririk ez”. Nabarmendu dute, “egun borobila” izan zela, “dena oso-oso ondo” atera zela.
Partaideen aldetik jaso dutenez “batzuentzat lokatz gehitxo eta aldapatsua” izan zen Legorretan hasi eta bukatzen den bizikleta martxa hau, baina guztia “iragarrita bezala” izan zela, eta orokorrean hitz “onak” jaso dituela antolakuntzak.
Proba hau posible bada da auzolanari esker. Antolakuntza taldetik azaldu dutenez, “hamar bat lagun dihardugu urte osoan zehar lanean hau posible izateko, eta beste 20-25 boluntario izaten dira egunean bertan” .