Zaldibian Gazte Eguna ospatuko dute bihar, jai-giroa eror ez dadin
Zaldibiako Gazte Asanbladak eta GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak antolatu dute, elkarrekin. Bazkariarekin hasiko dira, eta gaueko kontzertuekin bukatu.
Zaldibiako Santa Fe jai nagusietako egitarauaren mardulena atzo arte ospatu ondoren, eta datorren larunbateko kuadrillen egunaren errematearen zain, aste bitartean ere festa-aldi bat izango da. Bihar, asteartea (urriak 11), Gazte Eguna jarri dute. Zaldibiako Gazte Asanbladak eta GKS Gazte Koordinakunde Sozialistak antolatu dute elkarlanean.
Bazkaria 15:00etan izango da, lehenbiziko. Txartelak (12 euro), Illati tabernan daude salgai. 18:30ean ‘karro-poteo’ karaokea egingo dute, kalean barrena. Azkenik, 23:00etan kontzertuak hasiko dira: Odei (Odei Barroso urruñarraren proiektua), eta DJ Itzaletan Sua eta DJ 3Haizetara disko jartzaileek girotuko dute gaua.