Burutik eta Liher taldeek Botikaxaharren joko dute urriaren 28an
22:00etan hasiko dira kontzertuak. 10 euro balio du sarrerak.
Ganbaran Norbait Dabil egitasmoak, Segurako Udalaren eta Segura Irratiaren laguntzarekin, beste bi kontzertu antolatu ditu urriaren 28rako. Iruñerriko Burutik taldeak eta Donostiako Liher taldeak joko dute Botikaxaharren, 22:00etan. Sarrerak egunean bertan aretoan erosi ahal izango dira, 10 euroan. Segura Irratiak streaming bidez emango du.
2015ean hasi zuen ibilbidea Liher proiektuak. Taldeko abeslari eta gitarra-jole den Lide Hernandok maketa bat atera zuen, ‘Arrazoi gutxi, denbora asko’ izenekoa. Ondoren, Iñigo Etxarrik (gitarra, koroak), Joshka Natkek (baxua, koroak) eta Ander Berzosak (bateria) osatu dute taldea Hernandorekin batera, eta talde bezala lau disko argitaratu dituzte: ‘Hauts’ 2016an, ‘Tenpluak Erre’ 2018an, ‘Hemen Herensugeak Daude’ 2020an eta ‘Eta Hutsa Zen Helmuga’ 2021ean. Rock musika egiten dute, estilo eta soinu pertsonala garatuz.
Burutik taldea Iranzu Elizondok (bateria), Asier Caponek (akordeoia eta ahotsa), Jokin Barriolak (baxua eta ahotsa), Luar Alberdik (gitarra eta ahotsa) eta Mikel Gorraizek (gitarra eta ahotsa) osatzen dute. 2020an argitaratu zuten haien lehen lana, ‘Paradisua’. Aurten kaleratu dute bigarren diskoa, ‘Hamabost segundu’ izenekoa. Rock musika egiten dute eta musika kontsumitzeko gaur egungo moduari kritika egin diote azken lanean.












