Ameztikoek Gipuzkoako biraren 8. etapa osatu dute
Leintz Gatzaga eta Arantzazu arteko etapa egin dute. Hurrengoa, bederatzigarrena, Goierri aldean izango da.
Ameztiko mendizaleak Degurixa gainean. Amezti Mendi Elkarteko kideek Gipuzkoako biraren 8. etapa burutu dute igandean. Leintz Gatzaga eta Arantzazu artean ibili dira. Eguna argitzearekin batera abiatu ziren. Dorletako ermitatik igaro ondoren, Makatzgain gainera heldu ziren eta bertatik Degurixa-ko etxabola eta zelaietara jaitsi. Bertako paisaiekin gozatu eta hamaiketakoa egin ondoren, Andarto tontorra albo batean utziz, pagadian behera joan ziren Oñatira ura eramaten duen kanalera heldu arte. Behin kanalera iritsiz, kilometro mordoxka egin zituzten kanal eta pagadian zehar. Araotz auzora eramaten duen bidegurutzea alde batera utzi eta eskubiko bidea harturik, Artaso-tik igaro, Elgeako haize-erroten azpitik, Arantzazu-ra heldu ziren, azken txanpan beheko zulotik santutegi arte aldapa gogor bat igo ondoren. Etapa luzea izan arren, eguraldia lagun izan zuten, toki ederrak ikusi zituzten eta egun polita igaro zuten inguratu zirenek. Hurrengo etapak, etxe ingurutik izango dituzte, Zegama eta Goierriko txoko ezagunetan.













