Iñaki Apalategiri zaildu egin zaio bigarren itzulira igarotzeko aukera
Beasaindarrak 623 puntu lortu ditu Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietako lehen itzulian. Atzetik sei bertsolari utzi beharko ditu aurrera egin nahi badu
Iñaki Apalategi Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerdietako bigarren itzulira igarotzeko ia aukerarik gabe gelditu da. 623 puntu lortu zituen larunbatean, Elizondon (Nafarroa). Bere saioko azkena izan zen. Lehen itzuliko lau saioak egindakoan puntu gutxien dituzten sei bertsolariak kanpoan geldituko dira.
Alaia Martinek irabazi zuen saioa eta zuzenean bigarren itzulira igaro da. 729,50 puntu lortu zituen. Joanes Illarregik ere 700 punturen langa gainditzea lortu zuen. Agin Laburuk, Unai Agirrek eta Onintza Enbeitak amaitu zuten segidan, hurrenez hurren.
Epaileen ustez hotz hasi zuen saioa Apalategik, zortziko handian bera izan baitzen puntu gutxien jaso zituen bertsolaria. Labururekin batera prentsaren bidez euren lantegia ixtera doala jabetu berri diren bi langileren azaletik kantatu beharra izan zuen. Zortziko txikian inspiratuago aritu zen, Agirrerekin batera, tabernariaren rolean. Halere, puntutan, seiko motzean eta ganbaran aurkarien azpitik puntuatu zuten.
Bertsolariek egin beharreko lanak aldatu egin dira aurreko fasetik. Finalaurrekoetan bertsolariek ez dute puntu-erantzunik egin behar. Gainerakoan, lehen fasean bezala, binaka arituko dira zortziko handian eta txikian. Gero, berriz, puntuka egin dute zortzi bertso osatu arte eta seiko motzean hiruna bertso botako dituzte ostean. Bukatzeko, ganbarako lana egingo dute. Bigarren itzulian ere hala izango da.
Elustondo, asteburuan
Goierriko bost bertsolarik ekin zioten lehiari eta bik jarraitzen dute bizirik. Nerea Elustondo ere finalerdietan da. Legazpiarraren txanda asteburu honetan helduko da. Donibane Garaziko saioan kantatuko du, larunbatean, 17:00etatik aurrera, Jai Alai pilotalekuan. Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika eta Oihana Iguaran izango ditu aurkari.













