Adif kimatze lanak egiten ari da trenbide ondoan
Legazpin Bikuña-txiki parean eta Beasainen Salbatore inguruan trenbide ondoan azken asteotan egiten ari diren kimatze lanek arreta deitu dute, moztutako zuhaitzen enborrak kolorez margotu dituztelako. Espainiako trenbide sarea mantentzeaz eta kudeatzeaz arduratzen den Adif enpresa publikoa ari da egiten lan horiek, eta arduradunek azaldu dutenez, enborrak lodieraren arabera sailkatzeko margotu dituzte kolore desberdinez.
Renferen Madril-Hendaia lineako trenbide sarea hobetzeko plangintza orokorraren barruan kokatzen dira lanak, eta trenbide ondoko zuhaitzak kimatzeaz gain, trintxerak eta ezpondak indartzen ere ari dira.
Bikuña burdinola agerian
Legazpin Bikuña-txikin egiten ari diren lanen ondorioz, agerian geratu dira landareek estaltzen zituzten aztarna arkeologikoak, toki horretan zegoen Bikuña burdinolarenak hain zuzen.
Bikuña burdinolaren lehen aipamenak 1384koak dira, eta martxan egon zen XIX. mendearen hasierara arte. Burdinolara ura eramaten zuen kanalaren eta antapararen arrastoak dira agerian geratu direnak. Burdinolaren aztarnak, aldiz, suntsitu egin ziren industrialdeko errepidea egin zutenean. Obra haiek egin aurretik, lan arkeologiko bat egin zen 2000. urtean, eta besteak beste tunel hidraulikoa, tailerra, ikaztegia eta hainbat horma dokumentatu zituzten.













