Segurtasunez saltoka ibiltzeko
Mendi bizikletarekin jauziak egiteko pump track eremua berritu eta egokitu dute Idiazabalen. OreinBike enpresako Hegoi Ado aditua arduratu da diseinua egiteaz
Orain urte batzuk Idiazabalen egin zuten mendi bizikletarekin saltoka ibiltzeko zirkuitu urbanoa —teknikoki pump track izena du— berritu eta egokitu du Idiazabalgo Udalak. Aurrez egina zegoenak ez zituen behar bezala betetzen jauzien eta abiaduraren kontrolak, eta min hartutakoak bat baino gehiago izan zirenez, halako zirkuituen diseinuan aditua den Hegoi Adorengana jo zuen udalak.
OreinBike enpresaren arduraduna da Ado, eta mendi bizikletarekin ibiltzeko zirkuituak egokitzen ditu herri inguruetan zein mendian. Hainbat astez lurrak mugitzen aritu ondoren, joan den larunbatean estreinatu dute Pilarrenean tabernaren errekaz bestaldera dagoen pista berria. Egokitzapen lanek 15.000 euro pasako kostua izan dute, eta orain pistaren erabilera egokirako ohar taulak jarriko dituzte.
Ikastaroak emateko asmoa
Larunbateko inaugurazioan Hegoi Adok berak eman ditu eremu berrituari buruzko azalpenak, eta segidan erakustaldi bat labur bat ere egin dute mendi bizikletan eskarmentua duten kirolariek, Jon Erguin beasaindarrak tartean. Haur eta gaztetxoen txanda iritsi da hurrena. Adituek ikastaro bat eman diete, eta eremu berrian egoki eta seguru ibiltzeko aholkuak eman dizkiete.
Idiazabalgo Udalaren asmoa ikastaro horri jarraipena ematea da. Datorren urteko martxoan-edo hasiko lirateke, eta Luken Balerdi herritarra izango litzateke saio horien arduraduna.












