Udalgintzan eta herrigintzan egindako lana aitortu dute EH Bildu egunean
Herri batzarrarekin hasi dute Beasaingo EH Bildu eguna. Nerea Manzisidor zinegotziak azaldu du "aspaldian egindako batzarrik emankorrena" izan dela. Arrano elkartean eskertza eta kantu bazkaria egin dute.
Amets guztiak, borroka guztiak lelopean, EH Bildu eguna egin dute gaur Beasainen. Euskal Herriko hainbat herritan egin dute udaz geroztik EH Bildu eguna, eta gaur Beasainen izan da. Herri batzarrarekin hasi dute eguna. Eguerdian, EH Bilduren 11 urteetan udalgintzan zein herrigintzan egindako lan isila eskertu dute Arrano Elkartean egindako ekitaldian, hautetsiei aitortza eginez. Elkarrekin kantu bazkaria egin dute gero.
Goizeko herri batzarrean EH Bilduren oinarriekin ibilbidearen balorazio bat egin dute. Nerea Manzisidor zinegotziak azaldu duenez, “aspaldi egindako batzarrik emankorrena” izan da. Egindako bidea baloratzeaz gain, etorkizuneko urteetarako estrategiak ere landu dituzte. “Ilusioz eutsi diogu eta pozik gaude”. Hauteskundeen atarian egon arren, Beasaingo EH Bilduren lana “harago doan proiektu bat” dela adierazi du zinegotziak, eta oraingo lerrotik etorkizuna irudikatzeko lanean dabiltzala: “Hauteskundeak muga bat dira, baina gurea ez da lau urtez behin lantzen den proiektu bat”.
Batzarra bukatuta, triki poteoa egin dute herritik, eta eguerdirako Arrano elkartean elkartu dira ekitaldi xume bat egin eta udalgintzan eta herrigintzan lanean ibili direnei eskertza egiteko. “Atzetik egiten den lan hori eskertu nahi izan diogu gure komunitateari”. Kantu bazkaria egin dute ondoren, Arrano elkartean bertan.