XIX. mendeko Eleganteen bilkura Ormaiztegin
Elizako atarian jarritako photocall-an argazkiak atera ondoren, paseo elegantea egin dute garai batean bainuetxea zegoen tokiraino, Jundajo txarangaren laguntzaz.
Ormaiztegiko San Andres jaiak ospatzen dabiltza ormaiztegiarrak egunotan. Atzo hasi ziren festak. Mus txapelketa, disko festa, boxeoa edota kontzertuak izan ziren. Gaur, berriz, Zumalakarregi Museoak antolatuta, XIX. mendeko Eleganteen 9. bilkura egin dute. Ekintza horrek “giro herrikoi eta ludikoan herriko memoria historikoa berreskuratu eta balioan jartzea” bilatzen duela azaldu du museoak, garai batean Ormaiztegin zegoen bainuetxea eta bertara joaten zirenak gogora ekarriz.
Eguraldi kaxkarrari aurre egin eta eguerdian elegantez jantzita atera dira kalera herritar asko. Museoak elizako atarian jarritako photocall-ean argazkia atera dute, talde txiki eta handitan, eta paseo elegantea egin dute ondoren, garai batean bainuetxea zegoen tokiraino. Jundajo txarangak alaitu du paseoa. Museoak azaldu duenez, Asun herriko jostunak egin ditu jantzien %90 inguru, musu-truk. Aurten bisitari berezi bat izan dute. Belle Djamila moda historikoa eta vintage-a birsortzen duen getxotarrak ere parte hartu du egunean.
7. Pintxo lehiaketa herrikoia ere antolatu du museoak. Osagai nagusia kalabazina izanik, pintxo bana prestatu dute Arana tabernak, Eskola Zaharrak tabernak eta Murua tabernak. Herritarrek dastatu dituzte eta pintxorik onenaren saria emango diote bati arratsaldean. Karpan, Gazte Asanbladak antolatuta, eleganteen bazkaria izan da.
Umeentzat paperezko panpinak eta osagarriak egiteko tailerraren ostean, 18:00etan txokolatada egingo da eliza atarian. Burrunbazale txaranga kalea girotzen ibiliko da 18:30-21:30 artean, eta 23:00etan Emayon Erromeria eta Tintz DJa ariko dira karpan. Bihar, 12:00etan, haurren danborrada izango da, eta 17:30ean Goruntz dantza taldearen emanaldia Zubipen.