Euskararen erabilerak bost puntu egin du gora azken bost urteetan
Soziolinguistika Klusterrak hizkuntzen erabileraren kale-neurketa egin du Ordizian. 2021eko irailaren 25etik urriaren 16ra artean ateratako datuak dira. Hizkuntzen kale erabileraren %48,7 euskaraz da Ordizian, %46,7 gazteleraz eta %4,7 beste hizkuntza batzuetan. 2011-2021 tartean igo egin da euskararen erabilera kalean. Bost puntu egin du gora azken bost urteetan. %38,6koa zen 2011n, eta %43,7 2017an.
Gazteleraren erabilerak behera egin du. 2011n %57,8koa zen eta 2017an %51,5ekoa. Hiztun euskaldunen portzentaiak ere gora behera egin du 2016tik. 2011n %57,2 zen, 2016an %60,8, eta 2021ean %59,9. Lehen Hezkuntza euskara dutenen kopurua murriztu egin da. 2011n %40,6 zen, 2016an %39,1 eta 2021ean %36,9. Etxean euskaraz egiten zutenen kopurua %309koa zen 2011n, eta %26,2koa iaz.
Ordiziako ipar eta hego-mendebaldean dago euskararen kale-erabilera handiena, baina azken lau urteotan gertaturiko erabileraren igoera ibilbide guztietan islatu da. Emakumezkoek zertxobait gehiago egiten dute euskaraz gizonezkoek baino Ordizian.
Gazteek, gehiago
Zenbat eta gazteagoa izan, euskararen erabilera handiagoa da. 2 eta 14 urte artekoen artean euskararen erabilera %65,1ekoa da; 15-24 urte artekoetan, %59,4koa; 25-44 artekoetan, %57,4koa; 45-64 artekoetan, %33,6koa; eta 64 urtetik gorakoen artean %19,7koa. Euskararen erabilerak gazteen, helduen eta adinekoen kasuan gora egin badu ere, haurren kasuan bost puntuko beherakada jaso dela nabarmendu dute.
Haurrek eta gazteek euskarara jotzeko joera handiagoa dute. Haurrak euren artean daudenean gehiago egiten dute euskaraz. Nagusiek, aldiz, gazteleraz egiten dute gehiago. Haurrak, helduak neta adinekoak batera daudenean, ordea, euskararen erabilera jaitsi egiten da euren adinkideekin daudenean baino.












