Arku ehizako Euskadiko txapelketa izango da jokoan igandean, Legazpin
Ardanbideta inguruko parajean egingo dute goizean, Euskal Ehiza Federazioak antolatuta. Erkidegoko hiru lurraldeetako ehiztari onenek parte hartuko dute.
Arku ehiztariak Legazpin, Gipuzkoako txapelketaren amaieran. Legazpiko Ardanbideta inguruko parajeek, eta zehazki Kimu-Berri aterpe ondoko zelai eta basoek arku-ehizako Euskadiko txapelketa hartuko dute igande goizean. Legazpiko ehiztariek Euskadiko Ehiza Federazioarekin batera antolatuta txapelketa da. Hasiera 09:00etarako dago iragarrita.
Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko partaideak izango dira lehian, lurralde bakoitzean egindako txapelketetan Euskadikora sailkatu direnak. Horiez gain, federatuta dagoen edozein ehiztarik ere parte hartu dezake, baina txapelerako aukerarik gabe. Antolatzaileek 25 ehiztariren partaidetza espero dute.
Bi modalitatetan jokatu da txapelketa. Batetik, arku konposatuarekin ariko dira ehiztari batzuk, eta bestetik, arku tradizionalarekin. Bi modalitateetan, antolakuntzak proposatutako ibilbideak egin beharko dituzte, eta ibilbideetan dauden harrapakinei egindako eta asmatutako tiroen arabera jasotako puntuen baturak erabakiko du irabazlea.
Gipuzkoako txapelketa
Euskadiko txapelketa honetarako sailkatzeko Gipuzkoako txapelketa ere Legazpin jokatu zen duela hiru aste. Hartan 15 ehiztarik parte hartu zuten arku konposatuarekin, eta Andoni Osak irabazi zuen, Iraitz Gutierrezek eta Mikel Gorrotxategik jarraituta. Arku tradizionalarekin beste bost ehiztarik parte hartu zuten, eta modalitate honetan Mikel Aranzabalek irabazi duen txapela, ondoren Ignacio Noguera eta Joseba Gezalaga sailkatu zirela.
Gipuzkoako txapelen bila lehiatu ziren 20 ehiztariekin batera, Bizkaiko beste lauk ere parte hartu zuten, baina txapelketatik kanpo. Amaieran, taldeko argazkia atera zuten guztiek.












