Gauss eta Pulkraus, nor baino nor
Bihar jokatuko da lagunarteko futbol txapelketako final handia, 11:00etan. Hamabi taldeetako partaideak eta epaileak bilduko dira bazkarian.
Gauss taldea. Hitza Ordiziako kuadrillen arteko 11ko futbol txapelketa amaierara iritsi da, eta, urtero bezala, Santa Ana jaien atarian jokatuko da final handia. Azken hilabeteetan hamabi talderen artean lehia estua izan ostean, Gauss eta Pulkraus izango dira koparen bila ariko diren bi finalistak.
Norgehiagoka bihar jokatuko da, 11:00etan, Anexo zelaian, eta, ohi bezala, herritar ugari biltzea espero da finalaren bueltan. Bi taldeen arteko alderik nabarmenena txapelketan pilatutako esperientzia dela jakinarazi du Xabier Mendizabal antolatzaileak: «Gauss beteranoen taldea da, hainbatetan iritsi da finalera, eta ondorioz, askoren faboritoak dira». Pulkrausek, aldiz, freskotasuna eman dio aurtengo txapelketari, eta lehen finala jokatuko du. Iaz, Gauss eta Mokela izan ziren finalean, eta azken horrek eskuratu zuen garaipena, 2 eta 0 nagusituta.
Giroa arratsaldean ere
Finalak, ohikoa den bezala, giro aparta izango du inguruan. Altamirako harmailak herritarrez beteko dira eta festa giroa izango da nagusi. Aurtengoan, gainera, finala izango da eguneko norgehiagoka bakarra, ez baita hirugarren zein laugarren posturako partidarik jokatuko.
Behin txapelduna erabakita, ospakizunak zelaitik herriko kaleetara lekualdatuko dira. Ohiturari eutsiz, jokalariek eta zaleek poteoan jarraituko dute goiza, eta ondoren txapelketan parte hartu duten hamabi taldeetako ordezkariak eta epaileak elkartuko dira urteroko bazkarian. Hitzordua herriko frontoian izango da, 15:00etan hasita.
Bazkalostean, berriz, sari banaketa egingo dute eta festak aurrera jarraituko du. «Talde bakoitzak bere erara jarraitzen du parrandan; denok batera ibiltzen gara, baina bakoitza bere aldetik. Askotan, une hori aprobetxatzen da datorren urterako fitxaketa berriak lotzeko edo txapelketan zehar sortutako eztabaidaren bat argitzeko», jakinarazi du Mendizabalek.
Bide horretan, antolatzaileek herritarrei larunbatean Anexora gerturatu, finalaz gozatu eta txapelketari amaiera bikaina ematera dei egin diete.












