Hotz Legazpik eta Gaztetxeak janaria eta materialak bilduko dituzte
Ikasle bat, kilo bat lelopean, janari bilketa ari da egiten Hotz Legazpi herriko ikastetxeetan, Zaporeak elkartearekin elkarlanean. Ostiralean, berriz, kalean bizi direnentzako arropa eta beste hainbat materialaren bilketan lagunduko dio Legazpiko Gaztetxeari.
Hotz Legazpik azaldu duenez, Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmorik gabeko elkartea da eta Zaporeak, besteak beste, Grezian, Lesboseko errefuxiatuen esparruetan daudenei janaria prestatzen die. Egunero 1.300 otordu baino gehiago prestatu eta banatzen dituzte. Legazpin eskolan bilduko duten janaria, hain zuzen, Lesboseko sukaldeko biltegira bidaliko dute.
Produktu iraunkorrak
Ikasleei arroz luzea, pasta, babarrunak eta garbantzuak eskatu dizkiete. Hala, hemendik bidalitakoarekin eta hango hornitzaileei erositako barazki, fruta edo haragia bezalako produktu freskoekin osatuko dituzte menuak.
Beste kanpaina batean ere parte hartuko du Hotz Legazpik aste honetan; bihar, ostirala, Legazpiko Gaztetxean arropa eta bestelako materialaren bilketa egingo dute, eta Gaztetxoekin batera jardungo dute.
Kasu honetan kalean bizi direnentzako arropa, oinetakoak, motxilak, lo zakuak, mantak, kanpin dendak, esterillak, linternak, mugikorrak eta jakiak prestatzeko gailuak eskatu dituzte. Herritarren laguntza eskatu dute.
Materialguztia Gaztetxera eraman behar da, 16:30ak eta 18:00ak bitartean. Gizonezkoen arropa bakarrik behar da.