Ispilla kiroldegiak gimnasiotik erretiratutako materiala salgai jarri du
Bazkideek bakarrik erosi ahal izango dute. Prezioa udalak zehaztu du. Izena eman behar da eta izena ematen dutenen artean erosketa ordena zehaztuko da
Zumarragako Udalak kiroldegiko gimnasioa berritu zenean kendu ziren makinak eta altzariak salgai jarri ditu. Materiala Ispilla kiroldegiko abonatuek bakarrik erosi ahal izango dute. Horretarako, kiroldegiko harreran izen emate orria eskatu behar dute. Orria, bete ondoren, Zumarragako udaletxeko harreran entregatu behar dute. Azaroaren 28a da horretarako azken eguna.
Eskatzaile guztiekin zerrenda bat osatuko da. Bakoitzari zenbaki bat emango zaio eta zenbaki horrekin zozketa publikora aurkeztuko da. Zozketa abenduaren 1ean egingo da, 18:00etan, kiroldegiko harreran.
Zozketan erosleen ordena zehaztuko da. Lehenengo erosleak bi eguneko epea izango du materiala hautatzeko, honako muga honekin: gehienez bi makina, 10 disko pare, 10 haltera pare eta bi banku.
Prezioa
Materialaren prezioa udalak zehaztuko du. Materialen hautaketa adierazitako epean egin ondoren, zerrendako hurrengoari deituko zaio, eta horrela hurrenez hurren, material guztia amaitu arte.
Erosleek bere gain hartu beharko dute erositako materialaren garraioa. Informazio gehiago nahi izanez gero, Kirol zerbitzuburuarengana jo daiteke, 602 224 509 telefono zenbakira deituta edo ispilla@zumarraga.eus helbidera idatzita.
Kiroldegiak berrikuntza lanetan darrai. Kiroldegiaren azken solairuan komun bat eraikitzen ari dira eta azaroa amaierarako listo egotea espero dute. Komun hori oso beharrezkoa da, azken solairuan egiten diren ikastaroetan parte hartzen duten erabiltzaileek eta asteburuetako partidetako ikusleek bi solairu jaitsi behar dituzte komunera joateko. Komun berria gurpildun aulkia erabiltzen dutenentzako ere irisgarria izango da.
Horretaz gain, kiroldegiaren bigarren solairuan kokatuta dagoen arte martzialen gelako tatamia berritu dute. Zaharkitua zegoen, borroka asko jasan dituelako urteetan. Nazioarteko Judo Federazioak homologatutako tatami irristagaitza jarri dute.













