Ormaiztegi jaien bigarren saiorako eta Angel Elortza pregoirako, prest
Herriaren azken 40 urteetako historia grafikoki jaso du Elortzak, argazkilari gisa. Mozorrotuen eguna zapatuan ospatuko dute. Odolki lehiaketak 35. aldia du, jaian.
Bigarren ekinaldia, jaien hasiera ofizialarekin abiatuko dena, bihartik aurrera izango da Ormaiztegin. San Andres festak hiru zatitan banatuta etorri dira aurten. Asteburuan, mozorrotuen egunak eta 35. Odolki Lehiaketak bereganatuko dute arreta. Ondoren, asteartean helduen danborrada eta asteazkenean, azaroak 30, San Andres zaindariaren eguna geratuko da.
Pregoia Angel Elortza Beitia ormaiztegiarrak egingo du, bihar 19:00etan, udaletxeko balkoitik. Txirrindularitza proben antolakuntzan ezezik, Ormaiztegin azken 40 urteetako argazkilari modura egin duen lana aitortu eta eskertuko dio udalak, pregoilariaren ohorea emanda.
1981etik herriari kliskaka
Kamera «berandu» erosi zuen Elortzak, eta 1981ean hasi zen Ormaiztegiko argazkiak ateratzen: paisaiak, ekitaldiak, pertsonak, gertakariak… «Momentu jakinetan bakarrik» ibiltzen zen, lehenengo hamar bat urteetan.
Buru-belarri 1990ean murgildu zen argazkilaritzan. Egin egunkariak eskualdekako edizioak sortu zituenean, Legazpitik Andoainera bitarteko eremuko argazkilari ibili zen Elortza. Hiru urtean aritu zen fotokazetari, 1993 arte. «Hori izan zen argazkilaritzaren benetako irrika sartu zidana, eta harrezkero ez naiz gelditu». 2005ean igaro zen digitalera, eta ordutik errazago jardun dela aitortu du. Ormaiztegiko ekitaldi eta gertakari gehienetara eta inguruko herri askotara hurreratu du kamera.
Lau hamarkadatako testigantza grafiko ezin baliotsuagoa dauka, hornitzen segitzen duena gainera. Herriaren esku ere ipintzen du ondare hori, Facebooken astean behin argitaratzen baitu Iraganari begirada deitu dion sailean argazki zahar bat. GOIERRIKO HITZA egunkari honekin ere hasieratik kolaboratu du.
Mozorrotuen festa
Ormaiztegiarrek lehengoan elegante jantziak atera zituzten bezala, larunbat honetan mozorroak jantziko dituzte. Bazkaria Zubipe kiroldegian da; txartelak erosteko azken eguna gaurkoa da: helduarenak 20 euro eta haurrarenak 12 euro balio du. Kalejiran iluntzean kalera jaitsi, eta mozorro lehiaketa karpan izango da. Izena eman behar da (kultura@ormaiztegi.eus), gaurko.
Lau herritar anonimok epaituko dituzte mozorroak. Giro onenari, jantzirik originalenari eta mozorrorik landuenari 50na euroko hiru sari emango dizkiete, 12-16 urte bitartekoen eta 16 urtetik gorako helduen mailetan.
Igandean, Ormaiztegiko 35. Odolki Lehiaketa jokatuko da. Urrezko odolkia aitorpen saria Koldo Lasari emango diote.
EGITARAUA
Bihar, azaroak 25
- 16:30. Kalejira trikitilariekin, eskolatik udaletxera.
- 17:00. Dantza ikasleen saioa. Kaktus DJa eta Makilaia.
- 19:00. Pregoia, udaletxean. Buruhandiak, Jundajo txaranga.
- 19:30. Eskubaloia: Ormaiztegi-Arrasate (senior mutilak).
- 23:00. Kontzertuak, karpan: Kevin eta Little, Coast Rebeles, Añube taldeak.
Larunbata, hilak 26. Mozorrotuen eguna
- 12:00-15:00. Jundajo txaranga.
- 14:00-20:00. Euskaraldiko photocalla, Zubipen.
- 14:30. Mozorrotutako kuadrillen bazkaria, Zubipen.
- 17:00. Zezentxoak eta poniak, eskolako zelaian.
- 18:15. Kuadrillen jaitsiera kalera, Zuttik elektro-txarangarekin.
- 20:00. Mozorro lehiaketako sari banaketa, karpan.
- 23:00-03:00. Mugi Panderoa taldearekin erromeria.
Igandea, hilak 27. Odolki eguna
- 11:00-13:00. Txiki Txef sukaldaritza tailerrak (5-12 urtekoak eta familiak), Berjaldegin.
- 11:00. 35.Odolki Lehiaketa, 24.Odolki Osagaien Lehiaketa, taldekako plateren 20. Sukaldari Lehiaketa, Urrezko Odolkia saria. Karpan.
- 12:00. Martin Callejoren omenez III. Ardo Dastaketa, karpan.
- 12:00. Suthai batukada.
- 12:30. Lehiaketen sari ematea. Odolkia babarrunekin pintxoak.
- 14:00ak arte. Artisau jakien eta bertako artisautzaren azoka.
- 16:00-20:00. Haurren eta gaztetxoen jolas parkea, Zubipen.
- 18:00. Alaitasuna errondaila.