Uranga aita-semeen lana, Altarten
Agus eta Iker Uranga aita-semeen margolanen erakusketa ikusgai dago Altarte elkartean, abenduaren 11ra arte. «Nirea klasikoagoa da; Ikerrena, modernoagoa», azaldu du aitak.
Altamira auzoan dagoen Altarte elkarte gastronomikoak artea du oinarri. Elkarte gastronomiko batek izan dezakeen erabileraz gain, erakusketa artistikoak antolatzen dituzte bertan urtero. Argazkilaritza eta pintura erakusketak izan ohi dira. Oraingoan, Iker eta Agus Uranga aita-semeek jarri dituzte haien margolanak ikusgai, abenduaren 11ra arte. Lanegunetan, elkartekoekin harremanetan jarrita bisitatu daiteke erakusketa, eta asteburuetan 12:00etatik 13:30era dago irekita.
Patxi Morales margolari eta irakasle ordiziarra da elkarteko arduradunetako bat. Bera ibili zen sorrerako lanetan. «Elkartea egiteko aukera eman ziguten eta artearen ingurukoa egin nahi izan nuen, haien lanak erakusteko aukerarik ez duten artistei aukera emateko». 2004an sortu zutenetik, Goierriko nahiz Goierri kanpoko artistek jarri dituzte haien lanak erakusgai bertan.
Agusek zein Ikerrek Moralesen eskolak jaso zituzten garai batean. Agusek erakusketak egin izan ditu, baina Ikerren lehenengoa da. Bi estilo nabarmen desberdin ikusi daitezke erakusketan. «Nirea klasikoagoa da, eta Ikerrena modernoagoa», azaldu du Agusek. «Nirea monokromatikoagoa da, eta berak kolore gehiago erabiltzen ditu», zehaztu du Ikerrek. Errealismoa gustatzen zaio aitari, eta erretratuak semeari. Dena den, biek nahiago dute oleoa erabili, nahiz eta margolan batzuk akrilikoarekin eginak dauden.
Helduleku ezberdinak
Urteak daramatzate biek margotzen. Margolanetako batzuk etxean aspaldi gordetakoak dira eta beste batzuk, aktualagoak. Dagoeneko klaseetara joaten ez diren arren, oraindik aurkitzen dute tarterik margotzeko. Agusentzat, «praktika benetan aberasgarria» da, «zuritik, ezerezetik sortzen duzulako eta emaitza nahiko azkarra delako».
Helduleku ezberdinak hartzen dituzte margolan batekin hasterakoan. Ikerrek, egiten dituen bidaiak izaten ditu abiapuntu, eta bidaia bakoitzean gordetzen dituen irudiak margotzen ahalegintzen da. Altarteko erakusketan, Afrikara joan zenekoak ikusi daitezke, tartean, elefantea eta lehoia. «Nire asmoa Afrikako bost handiak margotzea da».
Moralesen eskoletan ikasitakoa aplikatzen dute lanetan. Artea gustoko duten eta zalantza dutenak animatu dituzte margotzen hastera: «Esker onekoa da pintura. Gustoko baduzu eta laguntza badaukazu, garapena ikusten duzu eta oso polita da».