Abenduan ere hainbat ikastaro egingo dira Jabekuntza Eskolan
Abenduan ere jarraituko du Ordiziako Jabekuntza Eskolako egitarauak. Hainbat ikastaro egingo dira herriko emakume guztiei zuzendutako espazio horretan. Ikastaroetan parte hartzeko jabekuntzaeskola@ordizia.eus helbide elektronikoan eman daiteke izena. Hilaren 14an izango da abenduan egingo den lehenengo ikastaroa, 18:30ean. Zahartzaro feminista lantzeko saioa izango da, Mari Luz Estebanen eskutik.
Andrezaharraren manifestua liburua aurkeztuko du Estebanek. Horren bidez, emakumeen eta zahartzaroaren arteko harremanez hitz egingo du, feminismotik egin daitezkeen gogoetei lehentasuna emanez. Abenduaren 15ean, berriz, 18:00etan, batukada feminista saioa izango da, Ainara Sarasketarekin. Jabekuntza ardatz eta perkusioa tresna bezala, talde lanean batukada feministak esan nahi duena landuko dute.
Abenduaren 17an autodefentsa feminista ikastaroa egingo da, 10:30ean, herriko emakumeei emakumeen aurkako indarkerian sentsibilizatzea eta trebatzea helburu.
Bestalde, azaroko azken saioa gaur izango da, 17:30ean. Ainhoa Gorostidik nork bere burua zaintzeko gaitasunerako tresnak erakutsiko ditu Autozaintza gure ongizatearen oinarri ikastaroan.












