Euskaraldiari agurra plazan, eta Euskararen Egunean antzerkia
Gaur izango da Euskaraldiko azken eguna. Azaroaren 18an hasi zen eta gaur bukatuko da, Euskararen Egunaren bezperan. Ordizian, egitasmoari agur esateko ekitaldia egingo dute plaza nagusian. 19:00etatik aurrera izango da Euskaraldiko amaiera ekitaldia. Ekimenari agurra egingo zaio, eta eragile ezberdinek parte hartuko dute. Amets Bide dantza taldeak dantzaldia eskainiko du eta trikitilariak ere izango dira giroa alaitzen.
Bihar, aldiz, Euskararen Eguna izango da. Egunari lotuta, Orregatik iragan hurbilera herri antzezlana egingo du Segurako Historia Oroituz Elkarteak, Ordiziako Herri Antzokian, 19:00etan. Sarrerak leihatilan (zineko ordutegian) edo Kutxabank webgunean eros daitezke, 2 euroan. Orreagako guduaren inguruko gogoeta da antzezlana, Lourdes Imazek zuzentzen duena eta berak sortua. Garai bateko eta gaur egungo istorioak uztartzen dituzte kontakizuna egiteko. Seguran aurkeztu zuten herrikideen aurrean, urrian. Zegaman ere aurkeztu zuten obra, eta bihar Ordiziara eramango dute. Gaur egungo egoera erreal batetik abiatuta, Orreagara bidaiatuko dute aktoreek, 13 mende atzera eginez eta garai hartako historia kontatuz.












