Goierriko eskola publiko gehienek egin dute bat greba deialdiarekin
ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, bigarren greba eguna izan zen atzo hezkuntza sare publikoan. Gehiago edo gutxiago, Goierriko eskola publiko guztietan eragin du
Goierriko hezkuntza sare publikoko ikastetxe gehienek egin dute bat «sare publiko bakar, euskalduna eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea» aldarrikatzeko grebarekin, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta. Atzo izan zen protesten bigarren greba eguna. Lehenengoa, azaroaren 30ean egin zen. Greba egunen helburua irailaren 14an aurkeztutako «hezkuntza legearen aurreproiektuarekiko desadostasuna» agertzea izan dela azaldu dute sindikatuek.
Ikastetxe batzuetan gehiago, beste batzuetan gutxiago, baina Goierriko hezkuntza sare publikoko eskola guztietan izan du eragina deialdiak, eta datu altuagoarekin edo baxuagoarekin, denetan izan du jarraipena. Sare publikoko langile oro zegoen deituta grebarekin bat egitera: irakasleak, Haurreskolak patzuergoko langileak, hezitzaileak eta sukaldeetako langileak eta garbitzaileak. Grebaren alde agertu direnentzat sare publikoa da «aukera-berdintasuna, kohesio soziala eta euskalduntze prozesua bermatu» behar dituena.
Hamar puntutan laburbildu dituzte aldarrikapenak: publikoa ardatz izango duen hezkuntza legea; segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatzeko legea; publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea; hezkuntza lege propioa; inbertsio eta baliabide nahikoa dituen hezkuntza legea; euskara erdigunean jartzea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen legea; hezkuntza sistemako langileen enplegua eta lan baldintza egokiak bermatzeko legea; merkatuen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den legea; eta hezkuntza lege parte-hartzailea, langileak aintzat hartuko dituena.
Datuen gorabeherak
Sindikatuen datuen arabera, Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko ikastetxe publikoetako langileen %60k egin du bat grebarekin. Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera, berriz, parte-hartzea %34koa izan da.
Ordizian, azaroaren 30ean bezala, elkarretaratzea egin zuten atzo Urdanetako LH-ko eraikin atarian, Urdanetarrak Guraso Elkarteak deituta.













