«Egun, zuzendariek denetik jakin behar dute erabaki onak hartzeko»
Xabier Muriel Movistar taldeko zuzendaria izango da datorren sasoian. Aurretik, Muriasen eta Caja Ruralen aritua da zaldibiarra, eta jada buru-belarri dabil hurrengo denboraldirako prestatzen. llusioz dago.
Urtebeteko «atsedenaldiaren» ostean, txirrindularitza talde batera itzuli da Xabier Muriel (Zaldibia, Gipuzkoa, 1981). Movistarrekin, debuta egingo du World Tour mailan, eta, zuzendari lanetan aritzeaz gain, prestatzaile eta biomekanikari modura ere ibiliko da Nafarroako taldean. «Gustura» dago hartu duen erabakiarekin.
Datorren urtean, taldeko autoetan arituko zara berriro ere. Pozik egongo zara, ezta?
Bai, gustuko lanean aritzea sekulakoa da. Gainera, goi mailan lan egiteko da, eta oso pozik nago.
Nola sortu zaizu Movistarrera joateko aukera?
Ez da oraingo gauza. Aspalditik dator. Nik deitu nien aurreko urtean, Caja Ruralen nenbilenean. Elkarrizketa asko izan ditugu aurten, eta, gutxi gorabehera lehenengo mailan geldituko zirela ikusi zutenean, prozesua bizkortu zen, eta dena itxi genuen.
Movistar kenduta, ez zenuen beste ezer?
Tira, banenbilen beste talde batzuekin hizketan. Nik gogoa nuen datorren urtean itzultzeko, baina hau zen nire lehenengo aukera. Movistarrekin saiatu nintzen, eta, zorionez, atera da.
World Tourrean arituko zara orain. Kontinental mailan eskarmentua baduzu, Caja Ruralen eta Euskadi Muriasen, baina hau koska bat gorago dago…
Bai, maila gorena da. Horixe nahi nuen: munduko txirrindularirik onenen aurka lehiatzea zen nire ilusioa, eta lortu dut. Ea orain zer moduz joaten den.
Kirol arloari erreparatuz, zer eskaini dizute? Zer egiten utziko dizute Movistarren?
Gauza asko egiten ditut: zuzendaria naiz, prestatzailea, baita biomekanikaria ere. Pentsatzen nuen noizbait bat edo bestea aukeratu beharko nuela, eta haiek hiru esparruak jorratzeko aukera eman didate. Oso pozik nago, oso eroso sentitzen bainaiz osotasun horretan.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.