«Gazteen akuilu izan nahi dugu»

Gazte Komunista Kolektiboak ekitaldia egin du proiektua ezagutzera eman eta militante berriaren koadernoa aurkezteko. Proiektura batzeko deia egin dute.

Beasaingo Igartzako jauregian egin zuten aurkezpena, asteazkenean. Argazkia: Pedro Vallejo

Gazte Komunisten Kolektiboak ekitaldia egin du Beasaingo Igartzako jauregian. Antolakundearen proiektuaren berri eman eta Militante Berriaren Koadernoaren aurkezpena egin dute.

«Ekitaldi honekin gure asmoa da Goierri mailan ezagutzera ematea gure antolakundea», hasi da David Nieto beasaindarra. GKK Espainiar estatu mailako gazte antolakundea da eta mundu osoan dituzte harremanak. Izan ere, ikuspegi internazionalista dute. «Langileen eta ikasleen kapitalaren kontrako borroka» sustatzea du helburu: «Gazteriaren akuilu izan asmoa dugu. Gaur egun hain agerian geratu diren arazoen aurrean, gazteriari oinarri bat eman eta borrokatzera animatu nahi ditugu», osatu du Nietok.

Sozialdemokraziaren bidea «agortuta» dagoela uste dute; «kapitalismoak eta monopolioek uzten dioten bidetik ezin baita atera». Kolektiboak «borrokara» dei egin die gazteei, «langileria klasearen barruan espazio askeetan antolatuta».

Gazte diren heinean, euren arazo nagusia da, «ikasketak amaitu eta lan merkatuan sartzeko oztopo handiak» ditugula, azaldu du beasaindarrak. Besteak beste, «urteetako esperientzia eskatzen dutelako, eta horrela ez den kasuetan, ikasketa maila oso altua eta bestelako formakuntza ere exijitzen dutelako, baina ez dute soldata duin bat ordaintzeko, onargarria ez dena». Uste dute «lan esplotazioa gora» ari dela eta aurreko belaunaldiek lortutako eskubideak «urratzen edo galtzen» ari direla. «Langileon arteko konpetentzia geroz eta handiagoa da, langileen arteko kohesioa galtzen ari da, eta uste dugu guztiz beharrezkoa dela bide horretan sakondu eta aurrerapausoak ematea».

Indarrak metatzea

Arazo horien aurrean, GKK-ren helburu nagusia da, «indarrak metatzea, zenbat eta gazte gehiago batu militantzia komunistara, orduan eta indar gehiago egingo dugulako», nabarmendu du Jakes Iñarrak.

Proposatzen dutena da «alderdi marxista-leninista bat berreskuratzea, bai Euskadi mailan bai estatu osoan», uste dutelako «burgesiaren aurka erantzun bat emateko bide aproposena hori dela».

Salatu dute, gaur egun, lanbide heziketaren aukera egiten duenak, ez duela lanbide bat ikasten, baizik eta «lanpostu bat ikasten du». Hori gertatzen ari dela, «inguruko enpresak, lanbide heziketan esku hartu dutelako; enpresen esanetara daude, eta uste dugu, lanbide heziketaren zer egina ez dela hori, lanbide bat irakastea baizik».

Irudi dute, lanbide heziketako ikasleak «babes gabe» daudela lantokietan; «erabili egiten gaituzte, gaztetxoak ipintzen dituzte praktiketan, soldata duin bat gabe, eskubiderik gabe, eta negoziatzeko eta borrokatzeko ahalmenik gabe».

Horren guztiaren aurrean, «gure eskubideak defendatzeko beharra ikusten dugu» diote antolakundeko gazteek.

Horretarako «koadroak» sortzeko beharra ikusten dute. Koadro bat da «militante bat edozein arduratara moldatzeko erraztasuna duena, eta dagoen tokian dagoela, jakingo duena bere ikaskideak edo lankideak, borroka forman kontzientziatzen eta antolatzen».

Kononovich anaiak

Bukatzeko, Ukrainako Gazteria Komunistaren buru Oleg eta Aleksander Kononovich anaiak, duela urtebete espetxeratuak izan zirenak aske uztea eskatu du GKK-k.

HITZAkide HITZAkide

 

ELKARRIZKETAK

ERREPORTAJEAK

KIROLA

Azken bideoak

 

Argitalpen bereziak

Gipuzkoa