Euskaldun eta Lehendakariko zazpi lasterketa jokatuko dira Goierrin 2023an
Euskaldun eta Lehendakari Txapelketetako puntuagarriak izango diren zazpi lasterketa jokatuko dira 2023an Goierrin. Bi emakumezkoenak izango dira, Seguran eta Ordizian, eta beste bostak gizonezkoenak, Lazkaon, Ataunen, Beasainen, Seguran eta Zegaman. EAEko Txirrindulari Federazioak joan den ostiralean egin zuen batzarrean onartu zuen datorren urterako kirol egutegia. Emakumezkoen Euskaldun txapelketako lasterketak ondorengoak izango dira: martxoaren 4an, Emakumeen Segurako Saria eta uztailaren 8an, Emakumeen Ordiziako Klasikoa. Gizonezkoen Euskaldun txapelketan, berriz, apirilaren 29an, Lazkaoko proba; maiatzaren 21ean, Ataungo San Martin proba; maiatzaren 27an, Beasaingo Loinatz Txirrindulari proba; eta ekainaren 3an, Segurako San Joan txirrindulari proba.
Lehendakari txapelketari dagokionez, lasterketa bakarra izango da. Zegaman jokatuko da, abuztuaren 26an. San Bartolome saria izango da.













