Zumarragako Udala herriko lursailak mugatzen ari da
Herria 11 poligonotan zatitua dago eta lehen bostak mugatu dituzte. Geograma enpresa beste sei poligonoetako lursailak mugatzen ari da dagoeneko
Mikel Serrano alkateak eta Bittor Areizaga landa eremuko teknikariak udalerriko landa lurren mugaketaren berri eman dute. Herria 11 poligonotan zatitua dago eta 1-5 poligonoetako lursailak mugatzeko proiektua amaitu da jada. 6-11 poligonoetako partzelekin hasi dira.
Lehen fasea martxan jarri aurretik, 1-5 poligonoetan 511 partzela zeuden jasota. Bi partzela desagertu egin dira eta 21 partzela berri azaldu dira. Hala, 1-5 poligonoan 530 partzela daude egun. Ia guztiak mugatuta daude. 13 bakarrik daude mugatu gabe. 1-5 poligonoetan 120 lurjabe daude.
Egitasmoa martxan jarri aurretik, 1.093 mugarri zeuden poligono horietan. Egun, 1.893 daude. Hau da, 803 mugarri berri jarri dira. Lursailen %97,55 mugatu da.
Alegazio bakar bat egon da, jabeek emandako datuak aztertu dira, mapa eta ortoargazki zaharra kontsultatu dira eta proposamen bat egin da, baina jabeek ez dute onartu. Beraz, katastroko mugei eutsi zaie.
Lursail jabe guztiek gutun bat jasoko dute mugatutako landa partzelen liburuxkak banatuko direla jakiteko. Liburuxkak jasotzeko, udaletxera jo beharko dute gaurtik urtarrilaren 31ra bitartean.
Aldundiaren laguntza
Zumarragako landa lursailak mugatzeko proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako laguntzekin egiten ari dira. Geograma enpresa da lanez arduratzen ari dena.
Lehen fasearen aurrekontua 45.280 eurokoa izan da eta aldundiak 22.640 euroko diru-laguntza eman du. Bigarren fasearen aurrekontua 55.344 eurokoa da eta aldundiak 18.941 euroko diru laguntza eman du.
Serranok egitasmo hau oso garrantzitsua dela esan du. «Informazio hori guztia katastroan ezarriko da. Hala, katastroa eguneratzea lortuko dugu eta udalerriko lana lursailen errealitatea jasoko du».













