Ireki ditu ateak Lazkaoko Gabonetako Jolas Parkeak
Lazkaoko Gabonetako Jolas Parkeak ireki ditu ateak eta dibertsioa martxan da iada. Joko tradizionaletatik hasi eta berrienetaraino izango dira bertan, gaurtik hasi eta abenduaren 29ra arte.

Martxan jarri dute beste urte batez Lazkaoko Gabonetako Jolas Parkea eta dibertsioak eztanda egin du Barandiaran Kiroldegian. Haur zein guraso ugari bildu dira gaur goizean bertan eta hurrengo egunetan ere hala izango dela diote antolatzaileek, nahiko jolas parke «arrakastatsua» izaten baita. Gaur ireki dute goizeko 11:00etan eta abenduaren 29ra arteko epean egongo da irekita. Goizetan 11:00etatik 13:30etara eta arratsaldetan, berriz, 16:30etatik 19:00etara.
Joko desberdinak topa daitezke bertan, hasi puzgarrietatik eta errealitate birtualeko jolasetaraino. Horrez gain, pin ponean, futbolinean edota golfean ere jolasteko aukera izango dute bertara gerturatzen direnek. Oso parke berezia izan ohi da etxeko txikienentzat eta antolatzaileek dei egiten diete bertara gerturatu eta ondo pasatzeko tartea hartzera, «dibertsioa sobera» daukate eta bertan.