La Salle-Legazpiko ikasleen jaiotza erakusketa
Urteroko moduan, La Salle-Legazpi ikastetxeko ikasleek jaiotza erakusketa egin dute Zelai Arizti kultur etxean. 25. edizio honetako jaiotzak osteguna arte egongo dira ikusgai. Erakusketa aretoa 09:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara irekiko dute gaur eta bihar. Ostegunean, berriz, goizez bakarrik irekiko dute: 09:30etik 13:30era. Erakusketan, jaiotzez gain, ikasleek egindako Gabonetako marrazkiak ikus daitezke.
30 jaiotza daude ikusgai. Horien artean, ikastetxeko lehiaketan saritu dituztenak. Lehen saria Imanol Barriga eta Markel Hernandezek irabazi dute, bigarrena Tania Esnal, Enara Mitxelena eta Paula Cantalapiedrak eta hirugarrena Paula Ibarzabal, Maialen Gutierrez eta Jone Carrerak.
Laugarrena, hiru talderi
Laugarren saria, berriz, hiru talderi eman diete: Udane Agirrezabal, Izan Gutierrez eta Araitz Roman; Alain Martinez eta Ibai Martinez eta Iñigo Vallejo, Asier Zafra, Adei Vegas eta Unai Garcia.
Gainzuriko ikasleek ere erakusketa egingo dute urtarrilean. Hilaren 13tik aurrera 2023ko egutegirako egindako eskulanak erakutsiko dituzte Urretxuko Juan de Lizarazu aretoan. Aurtengo egutegia 25.a da. Gainzurikoen erakusketa hilaren 22a arte egongo da zabalik. Juan de Lizarazu aretoa egunero irekitzen dute, 17:00etatik 20:00etara.













