Urretxuko eta Zumarragako udalek arte eszeniko egitaraua prest dute 'Porno' 'Nekatutak' 'Lehendakari gaia' 'La verdadera historia de la muerte de Franco' 'Altsasu' 'Sagastitarrak' Kontzertua 'Trash' 'El viento salvaje' Haurrak
Hilabetero, antzerki edo kontzertu bat prestatu dute. Irailean Joseba Apaolazak etxean antzeztuko du. Haurrentzako emanaldi sorta ere antolatu dute bi udalek, elkarlanean
Urretxu eta Zumarragako udalek 2023ko arte eszeniko egitarauaren berri eman dute. Helduentzako ikuskizunei dagokienez, bederatzi saio egongo dira. Hilero saio bat egongo da, urtarrilean, uztailean eta abuztuan izan ezik. Guztiak hileko lehen ostiralean izango dira. Irailaren 1eko antzerki saioan Joseba Apaolaza aktore urretxuarrak parte hartuko du. Sagastitarrak antzeztuko du, Koldo Olabarri eta Ainhoa Etxebarria aktore gazteekin batera.
Eguberri bete betan, gizon batek bere koinatuaren bideo bat aurkituko du orrialde erotiko batean. Horrek familiaren barruko bizikidetza eta harremanak baldintzatzen ditu. Maxi Rodriguezek idatzi eta zuzendutako komedia da, gaztelaniaz.
Antton Telleria telebista aurkezle eta umoregilearen bakarrizketa da. Etengabe bromak egitearen poderioz sinesgarritasuna galtzen duen jendeari buruz hasiko da hitz egiten. Telleriak, baina, ez du sinesgarri izan nahi, hori kazetarien lana delakoan.
Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga Lehendakari eta psikiatra lanetan jarriko ditu komedia honek. Lehendakari hautatu berria inbestidura-ekitaldirako hitzaldia prestatzen ari da; azken orduan, ordea, arazo larri bat sortuko zaio. Izan ere, hautetsiari ekitaldia eta hitzaldia eman beharrak aurpegian gestu arraro, barregarri eta aguantaezina eragin diote, kendu ezin duena.
Francisco Francoren heriotzaren benetako istorioko protagonista zerbitzari mexikar bat da. Espainiar erbesteratuak zein astunak diren ikusita, nazkatuta, egun osoan gerrarekin gora eta behera, Franco hiltzeko asmoz Espainiara bidaiatzea erabakiko du, kafetegi zahar eta lasaiaren lasaitasun atsegina berreskuratzeko. Gaztelaniazko lana da.
2016ko urriaren 15eko goizaldean, Altsasun, Koxka tabernaren atarian, liskarra izan zen, eta bertan inplikatuta egon ziren herriko zenbait bizilagun. Altsasu telebistako plato bihurtu zen, eta kasua, estatuko afera. Antzezlanak auziaren xehetasunak jasotzen ditu.
Sagastitarrak antzezlaneko protagonistak goi burgesiako familia bateko kideak dira. Alaba giza ekintzaile feminista da, bere lehen abizena aldatzea erabaki du eta bere amarenaren alde egin du. Familia buruarentzat (Joseba Apaolaza) ulertezina da eskualdean tradizio handikoa den Sagasti abizena aldatu nahi izatea. Abizenari segida emateko, amarru eta martingala guztiak erabiliko ditu.
Arima Soul taldeak jazz, soul eta funk kontzertua egingo du.
Trash, zaborra ingelesez, musika eta umorea edozer gauzarekin egin daitekeela frogatzeko lana da. Zaborra birziklatzeko zentro batean garatuko den istorioa da, musika eta antzerkia uztartzen dituena. Lau langile irudimentsuk erabilera berriak emango dizkiete bertara iristen diren mota guztietako hondakinei, gure gizartearen gehiegizko kontsumismoari buruz gogoeta eginaraziz. Gaztelaniaz da.
Bi lagunen arteko istorioa da haize basatiarena. Bi lagun, Fedra eta Medea, ia-ia ahizpak direla. Baina elkarren artean gatazka piztuko da iraganeko gertakari bat gogoraraziko dutenean. Ikuskizuna zoriari eta erruari buruzko gogoeta ludikoa da. Barre-algarak tragediarekin nahastuko dira. Izan ere, Las Niñas de Cadiz ekoiztetxeak komediaren paradoxa jorratu nahi izan du. «Tragediaren muinean komedia dago, eta komediak tragedia dakar». Saioa gaztelaniaz da eta lantalde osoa emakumezkoa da.
Bi udalek, urteroko moduan, haurrentzako antzerki saioak ere antolatu dituzte. Otsailaren 5ean Markeliñe taldeak Mamut lana taularatuko du, martxoaren 19an Potx eta Lotx pailazoak etorriko dira, apirilaren 23an Mar Mar Teatrok Arrainak bihotzean antzeztuko du, maiatzaren 6an Pirritx, Porrotx eta Marimotots etorriko dira, urriaren 15ean Gorakada taldeak Zuhaitzak landatzen zituen gizona taularatuko du, azaroaren 12an Maite de Jongh Doss kolektiboak Esna lana antzeztuko du eta abenduaren 3an Hodei magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da.
Saio guztiak 17:00etan izango dira. Denak Urretxuko Labeaga aretoan izango dira, Pirritx, Porrotx eta Marimototsena ezik. Hori Ederrena pilotalekuan izango da. Labeagako emanaldietako sarrerak 5 euro balio du eta Ederrenakoak 7. Haurrentzako saioetarako ere erosi daitezke bonuak.













